LITERATURA

EIZIE elkarteak Minaberri beka sortu du

Iruñeko Udalarekin lankidetzan, EIZIE elkarteak Minaberri beka sortu du gazte-literaturako lan esanguratsu bat urtero euskaratzeko. “Urriak dira itzulpengintzari eskaintzen zaizkion bekak eta sariak, eta bat bera ere ez dago gazte-literatura euskaratzeko euskararen eremu geografiko osoan”, hortaz, hutsune hori betetzeko sortu da Minaberri beka. Laguntza eskuratzen duen itzultzaileak 3.000 euro jasoko ditu Iruñeko Udaletik, eta Aiora Jaka itzultzailearekin jardungo du aurten itzulpen-prozesuan.

Itzultzaile gazte hasiberriak trebatzeko xedez, 30 urtetik beherako itzultzaileek izango dute itzulpen-bekara aurkezteko aukera, eta mentoretza bat ere aurreikusi dute antolatzaileek, ibilbide luzeagoko itzultzaile batek laguntza eman diezaion itzultzaile gazteari itzulpen-prozesuan, zenbait saioren bitartez.
Beka honen bidez ere itzulpengintza eta irakurzaletasuna ere sustatuko dira, eta prestakuntza profesionala eta itzulpenen kalitatea ere zainduko dira.

Itzuliko diren lanak nazioartean osperik handiena duten haur eta gazte literaturako sariketak hartuko dira kontuan: Hans Christian Andersen saria eta Astrid Lindgren saria. Lehen deialdian Laurie Halse Anderson idazlearen Speak obra izango da itzulgaia. Lanak aurkezteko epea ekainaren 17an amaituko da.

Lehen deialdiaren nondik norako guztiak: EIZIE.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button