MUSIKA

Getxoko Jazzaldia datorren astean hasiko da

Gaur zortzi, uztailak 1, Euskadiko jazz denboraldia hasiko da Getxoko 34. Nazioarteko Jazzaldiaren eskutik. Hilaren 5era arte Charles Lloyd, Jerry González & Fort Apache, Dave Douglas, Dee Dee Bridgewater eta David Sanborn musikari eta talde handiak jardungo dira Getxon.

Jaialdiaren lehenengo egunean Charles Lloyd (Memphis, 1938) eskarmentu handiko saxo-jole, txirula-jole eta musikagilea jardungo da. Bere 40 urteko jarduerak eta bere kabuz edota beste artistekin elkarlanean grabatutako 35 lanek arrakasta handia bermatzen dute eta jazz modernoaren artista erreferentziala bilakatu dute.

Ostiralean, Jerry Gonzalez (New York, 1949) tronpeta-jolea ariko da Getxon bere talde ospetsuarekin: Fort Apache Band. Jazz latinoaren artista ospetsu hori 70eko hamarkadan nabarmendu zen, garai horretako talde latinoek ez bezala, Afrikako eta Karibeko doinuen sustraietan sakondu zuen eta erritmo horiek jazzarekin uztartzen jardun zen.

Jazzaldiaren erdialdean, uztailaren 3an, Dave Douglas (Montclair, New Jersey, 1960) ariko da, bere belaunaldiko tronpeta-jole eta musikagile ezagunenetako bat, hain zuzen ere. Jazzaren eta inprobisazio musikaren arloan, azken hamarkadetako musikari garrantzitsuenetariko bat omen da Ipar Amerikan.

Uztailaren 4an, igandean, Dee Dee Bridgewaterren (Memphis, Tennessee, 1950) txanda izango da, egungo eszenaren izen handienetako bat, alegia. 1971n abiatu zen musika profesional moduan Thad Jonesen eta Mel Lewisen orkestran eta, ondoren, Dizzy Gillespie eta Sonny Rollins jazz artista handiekin aritu zen elkarlanean. Getxon, Bridgewaterrek Billie Hollidayren omenezko To Billie with love from Dee Dee bere azken lanaren abestiak interpretatuko ditu.

Uztailaren 5ean, astelehenean, amaiera ezin hobea emango dio jaialdiari David Sanborn (Tampa, Florida, 1945) saxo-jole ospetsuak. Bere lehenengo diskoa 1975. urtean kaleratu zen eta, ordutik hona, 20 bat lan gehiago grabatu ditu.

Urtero bezala, jaialdiak bost kontzertu izango dira eguneko. Biotz Alai plazan Talde Lehiaketako emanaldiak egingo dira, 21:00etan. Ondoren, egun bakoitzeko talde eta musikari nagusiak aterako dira agertokira. Bestalde, Hirugarren Milurtekoa Ataleko kontzertuak Algortako Geltokia plazan egingo dira, 19:00etan. Bertan, jazz talde gazteek musika mota honi ekarpenak egingo dizkiote eta euren freskotasuna erakutsiko digute. Azkenik, Algortako The Piper's Irish Pub tabernan Jam Sessions-ak egongo dira Biotz Alai plazako emanaldiak bukatu eta gero, 00:00ak aldera. Horrezaz gain, Broken Brothers Brass Band taldea Getxoko kaleak alaituko ditu.

Ikusten denez oso egitarau oparoa aurtengoa!

Getxoko Kultur Etxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button