BESTELAKOAK

ON taldeak “Kafea eta Galletak” saioan joko du

Itsaso Gutierrezek (Jauko Barik, Keike, Xarma) zuzentzen duen ON bandak Gernikako Astra eraikinean egin ohi den Kafea eta Galletak saioan joko du larunbatean, azaroak 23, 18:00etan. Taldeak Humus taldearen Saurius diskoa aukeratu du, bertan batuko diren lagunekin entzuteko, emanaldiaren aurretik. Ekaitz Vegas eta Ekhi Vegas musikariekin arituko da Gutierrez.

Kafea eta Galletak-en arabera, “asko gustatzen zaigun diskoa argitaratu zuten iaz, gustatzen zaigun musika melodikoaren ikutuekin eta hainbeste estimatzen ditugun hitz eta ikuspegi feministarekin”.

Izan ere, ON taldeak iazko Durangoko Ahotsenea gunean aurkeztu zuen estreinako lan homonimo eta autoekoiztua. Hardcore malenkoniatsuaren esparru amorratuan mugitzen da taldea, melodiei eta hard rock estiloko tarteei tokia utziz. Itsasoren gitarra melodiko, zikin eta urratuak Hüsker Dü, Leatherface eta antzeko punk sustraidun talde melodia zaleak ekarri dizkigu burura.

Diskoak 11 kantu jasotzen ditu, eta Koba estudioetan grabatuta dago 2012 uztailean. Xanpe teknikaria arduratu da nahasketaz eta masterizazioaz. Fernandok (Corazon del Sapo, Kuraia, Estricalla, Matxura) Neu nabigatzera kantuan abestu du, eta On kantuan Fermin Muguruzak eta Delirum Tremens taldeko Andonik parte hartu dute.

Hitzei dagokienez, gaiak emakumearekin lotuta daude, hala nola, bulimia, tratu txarrak edo feminismoa, bestelako kontuak ere jorratzen diren arren, bikote harremanak eta espetxeak, kasu. “(…) rocka baliatu nahi izan du emakumeek sufritzen dituzten injustiziak , eta derrigortuta emakumeek askotan jokatu behar izan dituzten paperak azalarazi eta salatzeko”, idatzi du Iker Barandiaran kazetariak diskoarekin batera datorren oharrean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button