ARTEA

Errespetuz erretrataturiko natura

Iruñeko Ziudadelako Bolborategian, maiatzaren 19ra arte, Hasier Morenoren Pausa bat, hamaika paisaia izeneko erakusketa izango da ikusgai.

Erakusketaren izenak berak adierazten duen moduan, “bere ingurune hurbileko paisaiak dira, akuarelaren teknikaren bidez, haren kromatismo eta trazuarekin marraztuak, zeru estaliak eta hodeien lerrokadurak, mendiak zeruertzean ibaien bilakaera, ereindako zelaiak edo tontorretako elurra erakusten dituzten pintzelkadez”.

Izan ere, Hasier Morenok natura bizi eta sentitu egiten du, eta horrexegatik, zintzotasunez eta errespetuz erretratatzen du natura. Artistak bilatu baino gehiago, aurkitu egiten du, eta une horretan paisaia bakoitzak “iradokitzen dionaren esentzia helarazten dio ikusleari bere lanetan”.

Hortaz, esan liteke erakusketa esperientzia bisual bat dela, eta berak paisaien irudiekin duen harremana “pentsatu eta berrikustera gonbidatzen du. Bizi garen tokiari buruzko kontzientzia hartzea eta bertatik hausnartzea horren inguruan sortzen zaizkigun galderen erantzunak bilatzeko modu bat da. Bizi gareneko ingurunea ulertzeko ezinbestekoa da hura ezagutzea, entzutea eta hartatik ikastea”.

Hasier Moreno Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Teknikoko lizentziadun eta Eraikuntzaren Ingeniaritzako Gradudun da. Bere lana figurazioaren eta abstrakzioaren artean kokatzen da.

Maiatzaren 12an eta 19an, Hasier Morenorekin topaketa bat egingo da Ziudadelako Bolborategian, Pausa bat, hamaika paisaia erakusketaren inguruan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button