
Arkaitz Uranga Urbietak III. Minaberri itzulpen-beka irabazi du, eta berak Jürg Schubiger idazlearen Als die Welt noch jung war liburua euskaratuko du, Naroa Zubillaga Gomez mentorearen laguntzaz. Txalaparta argitaletxeak kaleratuko du itzulpena.
EIZIEk, Iruñeko Udalarekin lankidetzan, Minaberri bekaren hirugarren edizioa antolatu du aurtengo udaberrian, mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko, itzultzaile hasiberriei zuzenduta. Sei gazte aurkeztu dira bekaren deialdira, eta, guztien lanak azterturik, epaimahaiak erabaki du Arkaitz Uranga Urbietari esleitzea beka, liburua osorik itzultzeko.
Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak, Ibai Sarasua Garciak eta Naroa Zubillaga Gomezek osatutako epaimahaiaren iritziz, “ahozkotasuna eta elkarrizketatik gertuko erregistroa izan dira aurtengo itzulgaiaren berezitasunak. Jürg Schubiger-en lana ipuinek osatzen dute, eta kontalariaren eta entzulearen arteko solasa gertukoa eta bizia da. Itzultzaileak bikain jaso du hori dena alemanetik euskararako itzulpenean, euskararen adierazkortasunaz baliatuz horretarako. Erritmoa errespetatu eta naturaltasunez ondu du testua, hizkuntza sinesgarri nahiz freskoan”.



