ESZENA

Antzerki konposizio musikalerako tailerra Santurtzin

Santurtziko Kresala aretoan, Jean-Louis Cortesek azaroaren 11n eta 12an arte eszenikoetarako konposizioari buruz emango duen tailer teoriko-praktikoa garatuko da. 10:00etan hasi eta 13:30ean amaituko diren bi saioetan, antzerkirako eta beste arte eszenikoetarako musikagileak trebatuko dira, musikagile, moldatzaile eta musika-interprete frantsesaren zuzendaritzapean. Era berean, Fran Lasuen euskal musikagile eta zuzendari musikala izango da koordinatzailea.

Jean-Louis Cortèsek Mulhouse eta Angersko kontserbatorioetan ikasi du, eta, gaur egun, Comèdie Françaiseko musikagilea den arren, moldatzailea eta interpretea ere bada. Bere lan-ibilbide luzean, Espace Acteur, Grand Edgar edota Dejazets Antzokietan egin du lan; Fran Lasuen (Eibar, 1959) joan den mendeko 70eko hamarkadan jarri zen harremanetan arte eszenikoekin, musikagile eta zuzendari musikal moduan. Horrez gain, Euskadin aitzindaria izan zen konpainietako batekin lan egin zuen: Comicos de la Legua. Handik aurrera, hainbat eta hainbat talderekin lan egin du: Karraka, Cobaya, Kukubiltxo, Orain, Teatro Estudio, Maskarada, Goaz, Tarima, Adolfo Fernandez, Geroa, Con buen pie, Markeliñe, Malaspulgas, Kandido Uranga, Gorakada, Dis-Dis producciones edo Deabru Beltzak, besteak beste. Oskorri folk-talde mitikoko biolin-jole, musikagile eta kantari moduan da ezaguna.

Ikastaro hau ez da Autore Fundazioak hurrengo asteetan sustatuko duen bakarra. Abenduan, Gonzalo Andino Lucas komunikazio-adituak arte eszenikoetako komunikazioari buruzko tailerra emango du, Bestetik, Chus Gutierrez zine-zuzendari eta gidoilariak zinematografiako tailerra emango du. Bi ikastaroak Arteria Campos Elíseos antzokiko autore-aretoan garatuko dira abenduaren 13tik 17ra. Lehenengoa goizez emango da; eta bigarrena, arratsaldez.

Arteria Euskadi Komunikazioak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button