LITERATURA

Literaturaren eta agintearen arteko erlazioaz

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak literaturarekin ekimenaren ateak zabalduko ditu bihar, hilak 15, Santiago Roncagliolok eta Juanjo Olasagarrek aginteari buruz izango duten solasaldiarekin. Jon Arretxek moderatuko duen hitzaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da.

Santiago Roncagliolo idazle eta kazetari perutarraren eta Juanjo Olasagarre egile nafarraren artean izango da biharko solasaldia. Idazle biek literaturaren eta agintearen arteko erlazioari buruz hitz egingo dute, agintea bere esanahi zabalenean ulertuz.

Jon Arretxe idazleak zenbait gai planteatuko dizkie, argitaletxeek, liburu-dendek edo agenteek, idazlan baten arrakastarako edo porroterako duten gaitasuna; agintarien eta komunikabideen indarra eta egilearekin eta bere lanarekin duten elkarren arteko eragina.

Santiago Roncagliolo (Lima, Peru, 1975) idazle, dramaturgo, gidoilari, itzultzaile eta kazetariak, Mexikon igaro zuen haurtzaroa, familiaren arrazoi politikoak zirela eta, eta Perura itzultzean, Hizkuntzalaritzan eta Literaturan lizentziatu zen Peruko Unibertsitate Katolikoan. 2000. urtetik Espainian bizi da, eta bertan, literaturan aritzeaz gain, itzulpenak egiten ditu.

Juanjo Olasagarre (Arbizu, 1963) Psikologian lizentziatua da, eta irakaslea lanbidez. Poesian egin duen lana azpimarragarria da, eta narrazioan eta antzerkigintzan ere zenbait lan idatzi ditu. Bere lehen eleberriak, Ezinezko maletak (Susa, 2004), Kritikaren Sari Nazionala lortu zuen.

Eztabaidak literaturarekin ekimenenean da, irakurleak idazleengana hurbiltzea proposatzen da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituta. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button