BESTELAKOAK

Ikus-entzunezkoak, kontzertuak eta antzerkia, Oihaneder Euskararen Etxearen eskutik

Asteazkenean, ekainaren 5ean, zabalduko da Ereiaroko kultur leihoa Gasteizen. Izan ere, hilabete honetako egitarauari bestelako izaera eman nahi dio Oihaneder Euskararen Etxeak, eta ekainari izena ere aldatu egin dio: Ereiaroa, ereiteko aroa, lurra prestatu ondoren, hazia bertan barreiatu edo sartzeko garaia. Hala, “haziak bezala barreiatu nahi ditugu ekain-ereiaro honetan euskal sortzaileen lanak Gasteizen”, argitu dute antolatzaileek.

Hala, Iratxe Fresneda, Tranpola Antzerki Taldea, Oskar Alegria, Marlik taldea, Maider Oleaga eta Pelax izango dira emanaldietako protagonista batzuk.

Iratxe Fresneda zuzendariaren Lurralde hotzak bigarren film luzeak emango dio hasiera egitarauari asteazkenean, 19:00etan.  Bertan barrenetik hasten den bidaia pertsonala kontatzen du zuzendariak, begiratzeko modu pertsonala.

Hurrengo egunean, ekainaren 6an, Tranpola antzerki taldeko Josune Velez de Mendizabalek eta Gontzal Uribek Azken antzoki dantza mikro-antzerkia taularatuko dute ur-biltegian. Hiru emanaldi egingo dira: 19:30ean, 20:00etan eta 20:30ean.

Ekainaren 11n, Oskar Alegriaren Emak bakia baita filma ikusteko aukera egongo da, izen bereko Man Ray zinemagilearen filmean inspiratutako lana. Eta hirugarren ikus-entzunezkoa, ekainaren 19an proiektatuko da. Maider Oleaga zuzendari gasteiztarrak Muga deitzen da pausoa dokumentala aurkeztuko du, “Nor-Nori-Nork paradigmaren asmatzailea nor izan zen aurkitzeko saiakera bat”, egilearen hitzetan. Ikus-entzunezkoak arratsaldeko 19:00etan eskainiko dira Ortuño aretoan eta proiekzioen ostean solasaldia egingo da bakoitzaren zuzendariekin.

Kontzertuei dagokionez, lehena ekainaren 13an izango da. Hala, Marlik musika talde zumaiarrak rock-blues erritmoak ekarriko ditu, country eta swing ukituak emanez. Eta Pelaxen kontzertuak itxiko du ekainaren 27an, Ereiaroko kultur leihoa. Unai Pelayo bakarlari donostiarrak Talkak egiten du didaktika izeneko bere azken diska aurkeztuko du. Kontzertuak 19:30etik aurrera izango dira, Falerina tabernan eta ur-biltegian, hurrenez hurren.

Informazio gehiagorako, joan Oihaneder Euskararen Etxeak duen web atarira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu