MUSIKA

Hara! talde ondarrutarraren “Errota” lan berria aurkeztu dute

Taldean (2016ko martxoa, Ondarroa) aldaketak egon diren arren, soinuaren arima mantentzen du Jon Kirru Iparragirreren sormenaz. Hala, Hara! taldeak musikaren bidezidor berberetik bidaiatzen jarraitzen duela ikusi da gaur, Bira Kulturgunean taldeak egin duen Errota (Baga Biga) disko berriaren aurkezpenean. Aitor Bolin Lazkano baterian, Mikel Arrieta baxuan eta Jon Kirru Iparagirre ahotsek osatzen duten ekipo berriarekin, bigarren lana da gaur aurkeztu dutena.

Zortzi kantuz osatutako lanaren bidez aurpegi bikoitza erakutsiko digu taldeak. Batetik, rock indartsua, hard-corea, metala, punka, stoner-a eta heavya ditu bidelagun, zaratatsu eta bizi. Eta poparen babesean, bestetik, hunkigarriak bilakatzen diren kantu eta erritmo intimistak, “akorde minor sinpleetan babestuta, ahots melodia triste eta horien arteko uztarketak sortutako emozioak izanik zenbait kanturen abiapuntua”.

Diskoari izena ematen dion Errotak abestian esaterako, tentsio lasaia entzun daiteke, indarraren goxotasuna pop bilakatuta, malenkonia suspergarriarekin. “David Bowieren aztarna duena. Hala ere, leloan baino ez da Heroes kantuaren bertsioa, nahiz eta antzekotasun handia dagoen. Letrari ongi erreparatuta, hausnarketa politiko handia izan dezakeen letra izan daiteke”, Iparragirreren esanetan.

Pop amerikarraren zurrunbiloan dabil Bakarrik abestia, “potentea”, barru-barruko geltokian aterpe hartuta. Iraganean entzundako stoner-en eragina dago (Queens of the Stone Age, Kyuss, Hermano…) ordea Ihesaldian, une batetik bestera soinean daramazunarekin zure sorterria utzi eta alde egin behar izateaz hitz egiten duen kantuan. Egutegi madarikatuak ostera, kalean bizi direnei keinu egiten dien letra darama, “abesti elektroniko bat izan zitekeena baina geure terrenora ekarri duguna”.

Tenessee kantuan aldiz, zati indartsuak eta barealdiak uztartzen dira. Hard rock eta heavyaren eragin nabariak. Hitzak aldiz, Cat On a Hot Tin Roof (1955) antzerkirako egindako liburuaren irakurraldiaren ostean atera ziren, izen bereko filmeko elkarrizketa bat dago sanpleatuta”, heteropatriarkatuari eta itxurakeriaren kritika zorrotza dira.

Oker eta Zertarako hitz eginek osatzen dute diskoa, tonu bat beherago afinatutako gitarra soinu astunarekin hardcore melodikoaren eragina daukana, eta Deftones, Tool eta Incubus bezalako taldeen eremuan mugitzen den estiloan,etsipenetik eta geure buruarekiko errukitik alde egiteko aldarria egiten duen hitzekin jantzitakoa, hurrenez hurren.

2018ko maiatza eta ekaina bitartean grabatu dute diskoa Axular Arizmendi soinu teknikariariaren eskutik Mutrikuko AME Estudioan eta Baga Biga disketxearen eskutik kaleratu du. Masterizazioa, Simon Basalte estudioan, Parisen eta Leire Urrutiak izan da diskoaren azala eta diseinuaren arduraduna.

Hara! Taldea zuzenean ikusteko aukera izango dugu datorren azaroak 2an Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean, Azaroak 24an Ondarruko Portuko Ranpan eta  abenduak 8an, Durangoko Azokako Ahots Enean.

http://www.baga-biga.eus/eu/berriak/hara-presentacion-de-disco_187.html

 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button