BESTELAKOAK

“Bilbao Kultura Wow” agenda berria aurkeztu dute gaur

Gaur goizean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Bilbao Kultura Wow izenburua daraman 2019rako kultur programazioa aurkeztu du. Bertan, katalogo-gida bakar batean, funtsezko kultur jardueren berri ematen da.

Agenda berri horretan makina bat eduki bildu dira, 120 ekimen baino gehiago, jaialdi, kultur eta aisialdi programa, bai eta  bestelako udal-entitate edo -sozietateek antolatutakoak ere, hala nola, Bilbao Ekintza, ABAO, Pabellón 6, Zirkozaurre, La Fundición, BBK Aretoa, Campos Antzokia, Euskalduna Jauregia, Arriaga Antzokia, Bilbao700, BilbaoMusika, BilbaoArte edo Azkuna Zentroa. Eta hau guztia, inork gal ez dezan Bilbok eskaintzen duen kultur eskaintza askotariko, deszentralizatu eta bikaina.

Bilbo Kultura Wow kultur gidak informaziorik garrantzitsuena biltzen du “antzerki-, zinema- eta musika-jaialdien inguruan, literatur lehiaketa eta jardunaldi, jarduera artistiko, zabalkunde-jarduera eta ondarea sustatzeko jarduera, sormen-ikastaro eta -tailerren inguruan”, ez baitago urtean egun bakar bat Bilboko Udalak era bateko edo besteko jarduera bat eskaintzen ez duenik.

Agendak bederatzi bloke tematiko dauzka. Lehenbizikoa arte eszenikoen gainekoa da, Emozio eztanda bat alde guztietarantz tituluarekin. Aho bete hagin utziko zaituen eskaintza artistikoa izena duen horretan artearen inguruko ekimen guztiak bildu dira. Ikusizko arteei buruzkoan, Ikusizko arteak: “WOW”……..besterik gabe izenekoan kutsu abangoardista eta garaikidea duten programak aipatzen dira, hala nola BLV-ART, Bilbo Art District, Bilbao Bizkaia DWeek edo FIG Bilbao. Letren eta ezagutzaren zabalkundea: tok, tok…jakituriari irekitako ate bat letrei eta zabalkundeari buruzko atala da, eta bertan Bilbaopoesia, JA! edo Gutun Zuria aipatzen dira. Ikus-entzunezkoei eta teknologia berriei buruzko atala Proiekzio-zerrenda luze eta ekintza askokoa izenekoa da. Musikari buruzkoak Sinfonia eztanda bat zure belarrientzat du izena, eta bertan genero guztietako kontzertuak antolatzen dituzten entitateak agertzen dira (Bilborock, Kafe Antzokia, Elkarte Filarmonikoa, Bilboko Koru Elkartea, BilbaoMusika edo Bilbaína Jazz Club). Euskal ondareari dagokion atalean, Ezagutu historiaren atzeko historia du izena, eta gure folklorea eta usadioak ezagutarazi nahi ditu. Agendan badago atal bat jai herrikoietarako, izenburu honekin: Kolore leherketa bat herritar guztiek gozatzeko.
Gidako azken atala gertutasunezko kulturari buruzkoa da, Ikuskizunak auzoetara iristen dira hiriko azken txokoa ere koloreztatzeko, eta hainbat programa biltzen ditu: Bilbao Barruti Eszenikoa, Kultur Gabonak edo Bilbo Aisialdi Barrutia.

Guztira, 10.000 ale banatu dira euskaraz nahiz gaztelaniaz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button