BESTELAKOAK

“Berbagunea” euskara praktikatzeko egitasmoa, ostegunean, Azkuna Zentroan izango da

Bilboko Udalak, Foru Aldundiak eta Bilboko euskaltegien sareak sustatutako Berbagune ekimenaren zortzigarren edizioa aurkeztu da gaur Azkuna Zentroko atarian, bertan egingo baita datorren azaroaren 21ean, ostegunean, goizeko 09:30etik 19:30era.

Denon artean euskara eraiki lelopean, ekimen honek “bilbotarren egunerokoan euskararen erabilera sustatu nahi du”, argitu du aurkezpen ekitaldian Mari Jose Arrieta Bilboko Udalaren Euskara zuzendari ordeak. Azken datu soziolinguistikoak ekarri ditu gogora udal arduradunak eta Bilboko bizilagunen ia erdiak euskara ulertu eta erabiltzeko gai izan arren, kalean erabileraren arloan duela hutsunerik handiena gaineratu du. Hartara, ekimen honek euskararen erabilera kalera atera nahi duela adierazi du Arrietak. Aurkezpen ekitaldian egon dira ere, Xabier Arauzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia, eta Aitziber Olabarrieta, Berbaguneko koordinatzailea.

Euskaldunen eta euskara ikasten ari diren pertsonen arteko topaketa da Berbalagun ekimena,  euskaraz jakin eta hitz egiten dutenak, nahiz euskara ikasten ari direnak, gazte zein heldu, biltzen dituena. “Euskara ikasten ari direnak, nahiz euskara aberastu edota berba egin nahi duen orok du ekimen honetan lekua, izan euskaldunzahar zein auskaldunberri”, azpimarratu dute antolatzaileek.

Hala, geure hizkuntza modu naturalean eta esparru guztietan erabiltzeko asmoz, Berbagune ekimenak, ostegunean, 09:30etik 19:30etara, adin eta egoera guztietako pertsonak mahai baten inguruan eseriko ditu euskaraz hainbat gairi buruz berba egiteko: kultura, kirola, aisialdia,… euskararen erabilera bultzatuz. Honetarako gainera,  kultura, gizartea, ekonomia, kirola edota politika arloko eragileek parte hartuko dute mahaietan moderatzaile lanak eginez. Aurtengo edizioan, aurkezle lanetan eta dinamizazio lanetan, hala,  Asier Hormaza aktorea ibiliko da, eta Gontzal Mendibil euskal abeslariak Biok bere azken diskoko doinu eta kantuekin girotuko du ekimena.

Lau txandatan (hiru goizez eta bat arratsaldez), parte hartzailek, euskaraz bizitzeko aukera izango dute, Berbagunearen helburua horixe delako: “euskara ikusgarriagoa egin eta hizkuntzaren eguneroko erabileran eragitea da”, hain zuzen. Hartara, euskararen maila kontuan hartu gabe, euskaraz egitea dela garrantzitsuena azpimarratu nahi izan dute  antolatzaileek.

Gainera, Berbalagun ekimen honetan, berrikuntzarik ere egongo da. Euskarazko eskaintza zabalagoa emate aldera, Berbalagunera egiten den bisitaren barruan Agur Etxebeste filma ikusteko aukera izango dute parte hartzaileek hala eskatzen badute.

Aurreko urteko jende kopuruaren langa gainditu nahi da aurten ere, eta horrexegatik “Berbaguneak euskaraz ulertzeko eta berba egiteko gai diren 1.000 pertsona baino gehiago bildu nahi ditu”. Modu honetan, herritarrak ere gonbidaturik daudela gaineratu dute.  “Eskatzen den baldintza bakarra euskaraz hitz egitea eta hitz egiteko gogoa edukitzea da”, azspimarratu du Aitziber Olabarrieta, Berbaguneko koordinatzaileak.

Parte hartu nahi duenak, garaiz dabil oraindik eta izena emateko berbagunea@gmail.com  posta elektronikora idatzi dezake. Eta gainerako informazioa, bilboneuskaraz.eus webgunean eskuratu dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button