MUSIKA

Los Crudos hardcore taldeak Zarautzen joko du

Amerikako Estatu Batuetako Los Crudos hardcore banda latinoak  Zarauzko Putzuzulo gaztetxean joko du, ostiralean, maiatzak 9, 22:00etatik aurrera. Chicago hirikoekin batera, Azpeitiako Gaitze, Zarauzko Metralleta eta Dictadura izango dira oholtzan.

Los Crudos talde laudatua da hardcore zaleen artean; izan ere, euren letra politikotan, gay komunitatearen aldeko jarreraren eta musika bortitzaren bitartez, munduko hardcore eszenaren arreta erdietsi zuten 90eko urteetan. 1998an, baina, taldea desegin, eta orain bueltan da. AEBetan komunitate latinoak jasaten duen diskriminazioaren kontrako gaztelaniazko ahots ere bihurtu zen taldea, 90eko urteetan.

Martín Sorrondeguy abeslari uruguaiarrak zuzentzen du taldea (Limp Wrist queercore talde mitikoaren kantaria ere izan zen); straight edge filosofiaren jarraitzaile eta gay, izugarrizko gaitasuna dauka ikusleak bereganatzeko. Horrekin batera, Lengua Armada Discos diskoetxearen arduraduna da; diskoetxe hori, egun, AEBetan puri-purian dagoen punk latinoaren egoitzetako bat da: MK Ultra, Charles Bronson, The Locust, Sin Orden…

90eko hamarkadan, Portugaleteko gaztetxean ikusteko aukera izan genuen, eta taldeak ikaragarrizko emanaldia eman zuen, oso berandu iritsi arren, Frantzian zen kamioilarien grebaren ondorioz…

Hardcore, crust eta punk zaleek gozatu egingo dute!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button