BESTELAKOAK

Artium, arte garaikideko erakunde onenen artean

ArtFacts atari ospetsuak Artium hautatu du munduko arte garaikideko 100 erakunde nagusien artean. Mundu osoko arte-zentroak eta museoak, galeriak eta bienalak agertzen dira zerrendan, publikoak zein pribatuak, New Yorkeko MoMA denen buru dutela. Artiumez gain, Sofia Erregina, MACBA, IVAM, CGAC eta MARCO museoak ere agertzen dira zerrenda horren barruan.

ArtFacts erreferentziazko webgunea da “arte garaikidearen sistemako aktore guztientzat, kultur erakunde eta galeria pribatuetatik hasi eta artista eta erakusketa-komisarioenganaino. Atari espezializatu honek mundu osoko 7.000 museo publiko, 400 bienal, 2.300 arte azoka, 21.000 galeria, 7.000 artista eta 800.000 erakusketa ingururi buruzko datuak biltzen eta aztertzen ditu”. Hala, ArtFacts atarian, erakusketen inguruan argitaratzen diren informazioei buruzko munduko datu-base zabalena bildurik dago.

ArtFacts artisten sailkapen bat argitaratzen hasi zen 2004an, eta gauza bera egin du arte garaikidearekin zerikusia duten munduko 100 erakunde nagusiekin. “Ondare-museoek, arte-zentroek, arte garaikideko bienalek eta galeria pribatuek osatzen dute zerrenda hori. New Yorkeko MoMA museoak hasten du zerrenda, Veneziako Bienala eta Parisko Pompidou Zentroa atzetik dituela. Oro har, Estatu Batuetako eta Alemaniako erakundeak agertzen dira zerrendako lehen erdian. Ondoren, baina alde handira, Austria, Britainia Handia, Espainia eta Frantzia dira zerrendan ordezkari gehien dituzten herrialdeak”.

Hortik etorri da Artiumen kalifikazioa, “top 100” horren barruan baitago Gasteizeko museoa. Berarekin Valentziako IVAM, Santiago de Compostelako CGAC, Bartzelonako MACBA eta Vigoko MARCO topa daitezke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button