Gabriel Aresti 1975eko ekainaren 5ean hil zen Basurtuko Ospitaleko Allende pabilioiko 7. zenbakia zuen gelan. Begoña Prieto erizaina, Natxo de Feliperen emaztea, hantxe zegoen beti; Ramon Saizarbitoria egunero joaten zitzaion bisitan Donostiatik.
Urteurren horren harira, Susa Literaturak berak errezitaturiko olerki sorta zabaldu du, 12 poema, hain zuzen: http://www.susa-literatura.com/emailuak/aresti/.
Horien artean, Nire aitaren etxea eta Egia bat esateagatik ezagunak daude, Patxi Mujika Mendiburuk grabatuak 1964ko irailaren 19an, Donostiako Udal Liburutegian Arestik emandako hitzaldi batean: Lehengo eta oraingo euskal poesia herritarra.
Horiez gain, beste bi poema entzutetsu ere badira sorta horretan: Bilboko kaleak eta Gizonaren ahoa, Jesus Mari Olanok grabatu zituen 1966an, Hernaniko Udaletxeko pleno-aretoan Arestik egindako hitzaldi batean: Euskararen izen poetikoak.