BESTELAKOAK

“Haria galtzen” erakusketa Igartubeitin

Ekainaren 10etik urriaren 1era, Igartubeiti Baserri Museoan, Haria galtzen erakusketa abiatu dute. Erakusketa honek zuntza adierazpen artistiko gisa aldarrikatzen du, ikuspuntu berrietatik, historiaren eta euskal ohituren arteko harreman estua ezagutzera emateko aukera ere eskainiz.

Haria galtzen zazpi sortzaileren (Lola Altolagirre, Idoia Cuesta, Arantxa Díez Redondo, Karmen Esnaola, Kris Meraki, Yolanda Sánchez eta María Zubizarreta) erakusketa kolektiboa da.
Artelanen bitartez artista hauek “gure iraganak eta bereganatutako oinordetzak duten presentzia zein garrantzitsua den azpimarratzen dute, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko solasaldian”.

Alde batetik, erakusketak aspaldiko teknikekin egin daitezkeen sorkuntzak erakutsi nahi ditu eta bestetik, zuntza arte lan tridimentsionalak, berriak eta esperimentalak sortzeko beste euskarri batzuk bezain baliagarria dela erakutsi nahi du. Era berean, erakusketak zuntz aukera ezberdinak ezagutzera ematen ditu: hariak, baina irun gabeko zuntzak, baita ere. Horrela, zuntz hauekin sorkuntzak egiteko erabil daitezkeen teknika ezberdinak erakusten ditu: irazki-hari garaia, irazki-hari baxua, irutea, saskigintza teknikak, enfeltratuak, brodatuak, tinteak eta abar. Erakusketan Gipuzkoako Foru Aldundiko funtsetako eta Gordailuan, Kultur Ondare Higigarriaren Zentroan babestutako ehungintzarekin erlazionatutako piezen bilduma dago ikusgai, goruak, ezpatak eta ardatzak bezalako tresnak/lanabesak.

Haria galtzen erakusketaren harira hainbat tailer programatu dira. Horien gaineko informazio guztia museoaren webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button