ARTEA

“LaPublika Irrati Sinposiuma”, Donostian

Urriaren 28an, consonnik zuzendu eta Donostia 2016 eta Tabakalerak ekoitzitako nazioarteko sinposium bat egingo da Donostian: LaPublika Irrati Sinposiuma. Ekimenaren barruan performanceak, kontzertuak, solasaldiak eta soinu-instalazioak egingo dira, “eragiten diguten gai publikoen gainean arteak nola eragiten duen” hausnartzeko helburuarekin.

Ostiralean, 2014an abiaturiko esparru publikoari buruzko ikerketa artistikoko LaPublika laborategia amaituko da, eta une hori aprobetxatuz, jaialdi-sinposium bat antolatu da, Tabakalera Kultur Garaikidearen Nazioarteko Zentroan eta Dabadaba aretoan.

Tabakalerako patioa irrati-areto bilakatuko da Alex Tarraguel eszenografo katalanaren gidaritzapean. Bertan, arteari buruzko hausnarketa bultzatzen duten ekintzak ere egingo dira, hala nola elkarrizketak, eztabaidak, aurkezpenak, ekintza performatiboagoak, esku-hartze artistikoak, performanceak eta kontzertuak.
Esate baterako, Rosalyn Deutsche New Yorkeko teorialaria eta Jaime Iregui artista kolonbiarra solasean arituko dira; edota Niño de Elche flamenko-kantari ezohikoa eta Belen Gopegui idazlea; bai eta Daniel García Andujar artista eta WHW kuradore-taldeko kideak ere.

Sinposiumaren gaiarekin lotutako lanak aurkeztuko dira. Hala, Orea taldeak, EHUko Arte Ederren Fakultatekoak, identitateen eta talde-memoriaren inguruko Cómo tu abuela cambió tu vida lana aurkeztuko du.
Ekoizpen artistikorik ere izango da: Sangre Fucsia podcast feministakoek El feminismo creativo tenía un precio irrati-magazina eramango dute; Okela sormen-espazioak, berriz, LaPribada sortu du eta hiru emakume artista bilduko ditu (Olatz Otalora, Sahatsa Jauregui eta Gentz del Valle);  Sra. Polaroiskak ere lan bat aurkeztuko du, CHORUS- Y el coro concluye…;  Aziza Brahim musikari sahararra hizketan eta kantuan arituko da; Oier Iruretagoiena artistak Aldez kontra soinu-instalazioa egingo du; eta  azkenik, Societat Doctor Alonso eta Moared Danza taldeek bisita-paseo bat eskainiko dute.

Gauean, Dabadaba kontzertu-aretoan, musikaz gozatzeko aukera egongo da Mutamassi, Michelle Terand, Los Torreznos eta Tremenda Jauria taldeen soinuekin.

Informazio guztia: LaPublika 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button