ARTEA

Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena

Maiatzaren 6an, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) jaiotzaren mendeurrena ospatuko da, eta horren harira, gaur berton argazki-erakusketa abiatuko dute Bermeon, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Basterretxea 3 taupadatan programaren barruan.

Basterretxea 3 taupadatan programa Néstor Basterretxearen alderdi gizatiar eta artistikoena ikertzen duten hiru jardueraz osatuta dago. Programa artistaren bizitzaren funtsezko hiru unetan oinarritzen da.
Lehena,  Basterretxearen haurtzaroko Bermeo da, eta maiatzaren 3tik 31ra, argazki-erakusketa bat izango da Arrantzaleen Museoan. Bertan, Basterretxearen haurtzaroan eta gaztaroan Bermeo nolakoa zen ikusi ahal izango da. “Erakusketaren hamabost irudiek Basterretxea Bermeon bizi izan zen aldiaren (1924tik 1937an erbesteratu arte) ikuspegi intimoa erakusten dute”.
Bigarren taupadak Basterretxea erbestean du izena. Irailaren 12an, hitzaldi bat egingo da Euskal Herria Museoan (Gernika-Lumo), erbestealdiak Basterretxearen bizitzan eta obran izan zuen eraginari buruz.
Eta hirugarren taupada Basterretxea, Arte-Gizona izango da. Horretarako, irailaren 28an, ibilbide gidatua egingo da Omako basoan. Bisita horretan, Basterretxearen ibilbidean garrantzitsuak izan diren eragin artistikoak aztertuko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button