LITERATURA

Euskal literatura eta itzulpengintza

Bidebarrieta Kulturguneko Eztabaidak Literaturarekin egitarauak Xabier Olarra eta Harkaitz Cano elkartuko ditu bihar, euskal literaturari eta itzulpengintzari buruzko solasaldi batean. Ekimena 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta Urtzi Urrutikoetxea idazle, kazetari eta bertsolariak moderatuko du.

Euskaraz idatzitako euskal literaturaren inguruko zenbait gai planteatuko dira hitzorduan, “hizkuntzek argitalpenaren munduan ezartzen dituzten mugak edo betiko lan handiak eta gaur egungo bestsellerrak euskarara itzultzearen egoera”, besteak beste.

Xabier Olarra (Tolosa, 1953) Filosofia eta Letratan lizentziatua da, eta euskara eta euskal literatura irakasle izan da urte luzez. William Faulkner, Ernest Hemingway, Jean Paul Sartre, Truman Capote, Francis Scott Fitzgerald, Raymond Chandler, J.R.R. Tolkien, Raymond Queneau, Dashiell Hammett, Ian McEwan edota Sandor Márai itzuli ditu euskarara. 2015ean James Joyceren Ulyses lana itzuli zuen, eta horri esker 2016ko Euskadi Literatur Saria irabazi zuen, itzulpen literarioaren kategorian.

Harkaitz Cano (Lasarte, 1975) idazle ezaguna da euskal letretan. Birritan irabazi du Euskadi Saria, Twist lanarekin (Susa) eta Haur eta Gazte Literatura modalitatean, Orkestra lurtarrak lanarekin (Elkar). Idazle oso produktibo eta interesgarria da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button