
Miren Agur Meabe idazleak eta Ibon RG musikariak REC izeneko saio poetikoa egingo dute gaur, hilak 11, 19:00etan hasita, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
“Alde batetik, poetak hogeita bost urtetan zehar landutako uztaren ale batzuk izango dira entzungai; beste aldetik, musikariak, bere estilo esperimentalaren bidez, grabazio baten hotsezko paisaia eraikiko du. Meabek bere ibilbidean nabarmendu diren gaiak sailkatu ahala, Ibon RGk kantu bihurtutakoak ere izango dira entzungai. Bi ahotsen topaldia eta kontrapuntua, memoria poetiko bati eusteko ahaleginean”.
Miren Agur Meabe Euskal Herrian dugun idazle porrokatuenetako bat da. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia. Euskaltzaindiak euskaltzain osoa izendatu zuen 2022an. Beste lan eder askoren ostean, Amorante frantsesa (2025) du azken lana, poema bidez kontatutako eleberria.
Ibon RG musikaria esperimentazioaren zale da. 2019an kaleratu zuen bakarkako lehen lana, Hil zara. 2024an, IbonRGk doinua jarri zien Bernat Etxepareren Lingua Vasconum Primitiae liburuak biltzen dituen olerki guztiei. Hainbat sortzailerekin aritzen da askotan: Itxaro Borda, Garazi Navas, Miguel A. García, Verde Prato edo Maite Arroitajauregi Mursego.



