
Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatutako Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zortzigarren edizioa abian da. Otsailean, ostegunero, zortzi ikuskizun eskainiko dira BIRA, Café Bar Bilbao, 7Katu gaztetxe, AEKren Kalderapeko eta Euskaltzaindiaren egoitzan.
Bihar, otsailak 12, Bilboko Zazpikaleetan, antzerki-jaialdiaren 2. jardunaldia antolatu da, eta horretarako bi hitzordu programatu dira: 19:00etan, 7Katu gaztetxean, Goiuri… Grabatzen!’ izeneko lana ikusiko da. “Euskal Agentzia Espazialeko (EEE) Pitxu-14 espaziontziko eskifaiak urruneko galaxia batetik bidalitako mezu harrigarria jaso du: ‘Kaixo!’ Euskararen jatorri estralurtarraren froga ote?”. Geroago, 20:00etan, BIRA espazioan, AmaHiru konpainiak Igogailu batean amaitu zen mundua pieza egingo du. “Idoia eta Julen igogailu batean esnatzen dira. Ez dute ezer gogoratzen. Nola iritsi dira bertara? Zergatik ezin dira atera? Eskerrak igogailu konpainiako telefonistak laguntza bidali duen.”
Aurten, Ipar Euskal Herriari begira jarri da Lautan Hiru, lelo hau baliatuz: Iparra galdu dugu! Hortaz, bi ikuskizun berezi emango dira Bilboko Zazpikaleetan: Pantzo Hirigarai baxenabartarraren Hautagaia eta Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson bakarrizketa.
Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, 2022an Ikusle Kluba antolatu zen estreinakoz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusleek antzerkilariekin hitz egiteko aukera izango dute. Bi ikuskizun hautatu dira horretarako, hain zuzen, biharkoa Igogailu batean amaitu zen mundua (amaHiru konpainiarena), eta otsailaren 26an 7Katu gaztetxean emango den Adriene-Bergson-Johnson bakarrizketa (Itzuli konpainiarena).
Egitarauaren gaineko xehetasun guztiak: Lautan Hiru



