
Bilboko Udalak Miguel de Unamuno Saiakera Sariaren 27. ediziorako deialdia egin du. Originalak jasotzeko epea apirilaren 30ean itxiko da, eta betiko legez, lehiaketak bi modalitate ditu: gaztelania eta euskara.
Deialdia adin nagusiko eta edozein nazionalitate edo bizilekutako egileei irekita dago. Lanak bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkez daitezke eta gai librekoak izango dira, baina ikuspegi sortzailea izango dute, ez akademikoa, eta gai bakarra edo gai bat baino gehiago landu beharko dituzte, multzoaren batasuna mantenduz. Lanok gutxienez 100 orriko eta gehienez 250eko luzera izan beharko dute.
Dokumentuak formatu digitalean bidali beharko dira, udalaren webgunearen bidez. Bertan ere oinarri osoak kontsultatu ahal izango dira.
Aurreko edizioan, euskara kategorian, Joxe Manuel Odriozolak irabazi zuen sari nagusia, Heriotzak bizi gaitu saiakeragatik.



