
Arabako Herra taldeak Ispiluaren aurrean single berria aurkeztu du. Bertan somatu daitekeenez, metalcore sendoaren aldeko apustua egin dute, “euskaraz eta giza gogoaren bazter ilunenak beldurrik gabe arakatuz”. Herra taldean musikari hauek aritzen dira: Hodei (ahotsa), Oinaz (gitarra), David (gitarra), Iñigo (baxua) eta Carlos (bateria).
Osasun mentalari buruzko kontzientziazioarekin duten konpromisoa berretsiz, Herrak gaur egun premiazkotzat eta beharrezkotzat jotzen duen gai batean jarri du arreta. “Iraganeko trauma baten ondorioz, nortasun anitzeko nahasmendua duen pertsona baten istorioa kontatzen du kantak”.
Riff zorrotzen, breakdown suntsitzaileen eta erraietako interpretazio baten bidez, buru berean bizi diren ahots ezberdinen arteko barne-borroka erretratatzen du bandak.
“Osasun mentalaz hitz egitea ez dela ahultasun bat ulertarazi nahi diogu jendeari, askapenerako modu bat baizik. Musika gure ispilua da, eta bertan geure itzalei aurre egiten diegu”, adierazi du taldeak.
Ispiluaren aurrean plataforma digital guztietan dago eskuragarri bere bideoklip ofizialarekin batera. Marco A. Papiz ekoizle argentinarrarekin grabatu eta ekoiztu dute. Bideoklipa, berriz, Alvaro Forondak egin du.
Joan den astean, hilak 7, kontzertua egin zuten Portugaleteko Groove aretoan. Programatu dituzten kontzertuak honako hauek dira: martxoaren 19an, Urban Rock Concept aretoan (Gasteiz), eta maiatzaren 24an, Zorrotzako gaztetxean (Bilbo).



