
Bilbao-FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 32. edizioaren irudia Batman pertsonaia izango da. Aurtengo FANT Bilbaok 32. edizioa izango du eta maiatzaren 8tik 16ra bitartean egingo da.
Aurten zinema fantastikoak pertsonaiarik mitikoena erakutsiko du, Michael Keaton, George Clooney, Val Kilmer, Christian Bale, Ben Affleck edo Robert Pattinson bezalako aktoreek gorpuztu dutenak. Pertsonaia Zinemaldiaren programazioan ageriko da, eta Tim Burtonen Batman filma ikusi ahal izango da martxoaren 24an, Azkuna Zentroko Golem-Alhondiga aretoetan, PreFANT zikloaren barruan.
Gainera, FANTek PreFANT zikloarekin jarraituko du datorren otsailaren 17an, eta Antonio Vicent zuzendariaren opera prima den Aves de corral film luzearen aurrestreinaldia hartuko du. Lanaren sinopsia hauxe duzue: “Gaizkile-talde berezi batek CNIko buruzagi bat hiltzeko asmoa du, baina bikote ezkongai baten asteburuko plana haien bidean gurutzatuko da.”
Beste aldetik, FANTek, hirugarren urtez, deialdi bat bultzatuko du genero fantastikoko film labur bat euskaraz ekoizteko proiektuak sustatzeko. Horretarako epea martxoaren 28an amaituko da. Hautatutako proiektuek 5.000 euroko saria jaso ahal izango dute, film labur bat egin ahal izateko.



