
Tabakalerak programazio berezia antolatu du uda honetarako, arteaz eta bestelako diziplinaz modu egokian gozatu ahal izateko.
Hala, hirugarren edizioa duen Medialab Magnoliatan izango da uztaila eta abuztuan zehar Tabakaleraren sarrera nagusiaren parean, eta bertako bildumako liburu, komiki edota aldizkariez gozatzeaz gain, bestelako sorkuntza azaleratuko duten jarduerak eskainiko dira. Sormena garatu nahi duten 16 urtetik gorakoentzat Udako lantegiak antolatu dira eta uztailean eta abuztuan zortzi lantegi jarriko dira bidean honako gonbidatu hauekin: Bertol Arrieta, Sandra Garayoa, Maria Elorza, Mari Campistron edota Mejillon Tigre kolektiboa.
Duela gutxi, uztailaren 13tik 15era, musika bereziari dedikaturiko Musika dena eta ez dena festibala izan da. Bertan Frédéric Blondy, Amelia Cuni, Alex Mendizabal, Sarah Rasines, Debris Stevenson, crys cole & Oren Ambarchi eta Kamilya Jubran & Werner Hasler… izan dira.
Udan zehar Tabakalerak hainbat erakusketa eskainiko ditu. Horien artean nabarmentzekoa da That Time. Arte Ederren Bilboko Museoa-Tabakalera mostra. Eta laster, uztailaren 21etik aurrera Kutxa Kultur Artegunean Jan Groover-en Formen laborategia erakusketa izango da ikusgai. Bigarren solairuan, gainera, Harrotu Ileak proiektuaren testuinguruan, Ireki, elkartu, eraiki. Hurbiltzeak eragin egiten digu argazki-erakusketa ikus daiteke uztaila bukaerara arte. Gainera, familiei zuzendutako Zaldiek amesten dutena izeneko erakusketa (Priscila Fernandes artistarena) bisitatzeko aukera izango da abuztua bukaerara arte.
Musikarekin lotura ezinbestekoa du Tabakalerak, eta hala, uztaila bukaeran izango den Donostiako Jazzaldiak esaterako zenbait emanaldi eskainiko ditu bertan. Gainera, beste urte batez, Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan ospatzen den Tabakalera Dantzan ekimenak hainbat emanaldi ere eskainiko ditu eraikinean.
Abuztu bukaeran, musikaz aire zabalean gozatzeko bi hitzordu izango dira: abuztuaren 24an eta 25ean Dantz Festival jaialdiak musika elektronikoa ekarriko du Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrora. Eta beste urte batez, abuztu bukaeran izango den Glad is the Day jaialdiarekin bat egingo du Tabakalerak.
Eta nola ez, zine-programazioak ere egitarau berezia izango du eta bi zine-ziklo berri dira abian: Jazzinema eta Mia Hansen-Løve zuzendari frantsesari eskainitako zikloa.
Egunez eguneko programazioa hobeto ezagutzeko: www.tabakalera.eus