MUSIKA

Bide Ertzean-ek “77” lana aurkeztu du

Tolosako Bide Ertzean taldeak 77 (Gaztelupeko Hotsak) bere bederatzigarren erreferentzia aurkeztu du gaur. Diskoa 1977an musikarien familian bizitako gertaera dramatiko baten inguruan ardazten da: 1977ko martxoaren Gipuzkoako Itsaso herrian, polizia kontrol batean, Imanol eta Joni Ubedaren Sebas Goikoetxea osabaren hilketa. Gertaera horretan Nicolas Mendizabal ere hil zuten.

Garai hori hobeto ezagutzeko jakin-minetik jaio da disko berria. Imanol Ubedaren esanetan, “izenburutik hasita, 77, trantsizioa garaiari buruzko hausnarketa bat da, eta hausnarketa hori jakin-minetik dator. Bagenekien osaba hil zutela 1977an, kontrol polizial batean, eta etxean urtero ekartzen dugu gogora, baina konturatu ginen garai hori ez genuela ezagutzen, hortik jakin-min hori”.

Lan horren atzean dagoen emozio guztiarekin, diskoa ez dela kultur ekoizpen soil bat nabarmendu dute. Emozio hori zama bilakatu ote den galdetu diogu Joni Ubedari: “Emozio guzti hori ez da oztopo izan, baina bai dela errespetu handiarekin egindako lana, arinkeriarik gabe, eta denbora handia hartu dugu egiteko, gertaera hura eta garai hura aztertzen”.

Hirukote formatuan grabatu dituzten hamabi kantuak pop melodiekin josita daude, baina intentsitate handiko tarteak ere gordetzen dituzte euren sinpletasunean. “Akaso, grabatu dugun moduagatik, edo, agian, rock ehunduretara hurbildu garelako, kantu batzuetan energia asko dago, eta noiz edo noiz energia hori nabaritzen da”, azaldu du Imanolek.

Hitzei dagokienez, drama zehatz horren eta garai iskanbilatsu haren gainekoak dira,  baina ez da inondik ere planfleto, manifestu, lelo edo antzeko elementuen zertzeladarik sumatzen. Irudiz betetako letra sinple eta sakonak dira. “Egia da letrak nahiko sinple edo soilak direla, destilazio lana dago, baina letra horren atzean, saiakera handiagoa dago, agian, puntu naif bat daukate batzuetan, eta jorratutako gaia sendoa da, batzuetan gogorra, baina beste batzuetan modu sinpleenean esateak ere lan handia eskatu du”, azaldu du Imanolek.

Diskoa Garbiñe Ubeda eta Koldo Izagirreren testuekin osatu dute, eta Joseba Poncek, 70eko hamarkadako estetikarekin jantzi du. Angel Aldarondok, halaber, Harriak Hegan kantuaren klipa egin du, hori ere diskoan txertatuta dagoen background historikoko irudiekin eginda.

Horren guztiaren ondorioz, disko kontzeptual itxura hartu du 77 lanak, Imanolek “tematikoa” esatea nahiago duen arren.

Ondorioa

Lanak eskatu duen prozesu luze honetatik ondorio garbi bat atera dute Ubeda anaiek, Euskal Herrian izandako gatazka politiko eta armatuan badirela biktima asko ez daudenak ez bando batean, ezta bestean ere, biktima batzuk hutsune batean daudela ahaztuta. “Dispertsatuta dauden biktima asko daude, torturapean edo poliziak hildakoak, eta ez dira GALenak, ezta ETArenak, neurrian aldarrikatu behar diren biktimak dira, eta bere tokian kokatu behar dira. Errepresio handia izan da hemen 70eko urtetatik, eta horren ondorioz jende asko hil da, eta jende hori ez da inongo zerrendetan agertzen. Hutsune bat dago hor, eta bat ahaztea, guztiak ahaztea da”.

Hala, diskoa lantzen ari ziren prozesuan deskubritu duten kasu bat kontatu digute: “Osabaren hilketa eta gero izugarrizko protestak izan ziren Donostian, eta protesta horietan ikasle bat hil zen gomazko pilotak jota, hori ez du inork zerrendatu”.

*** Bihar Bide Ertzean-i eginiko elkarrizketa mamitsua argitaratuko dugu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button