MUSIKA

The Dustaphonics eta The Imperial Surfers, Gasteizen

Londres hirian dute egoitza The Dustaphonics taldeko musikariek, eta euren kantuetan estilo zaharrak uztartzen dituzte: rhythm and blues, funk, surf, rock-and-roll… Bada, ostiralean, ekainak 13, Gasteizko Helldorado aretoa berotzen arituko dira.

Ingelesekin batera, Madrilgo The Imperial Surfers izango dira; horiek ere maisuak dira 50eko eta 60ko doinuak jotzen: surf, frat, twist, rock instrumentala… hezurdura astintzeko eta kaloriak galtzeko zita dantzagarria izango da ostiralekoa, ezbairik gabe.

Yvan Serrano-Fontova (DJ Healer Selecta) ekoizle, gitarra jotzaile eta disko bildumazaleak zuzentzen du The Dustaphonics, betiere, Hayley Red emakumezko abeslariaren laguntzarekin; gainerako musikariak etengabe aldatzen ditu bandako liderrak. Taldearen estetikan 50eko hamarkadako makina bat adierazpide nahasten dira: B Saileko filmak, pin-up-ak, binilozko singleak…

Bestalde, Madrilgo Imperial Surfers 2003an eratu ziren, eta gaur arte zazpi grabazio kaleratu dituzte. Miguel Von Clubman (baxua), Javi Hunka Hunka (saxoa), Esteban Beatboy (gitarra) eta Oky Von Stoky (bateria) taldekideak, ibilbide luzeko musikariak dira, izan ere, hamaika taldetan aritutakoak dira: Golden Zombies, Nitros, Tuna Tacos, Micky y los Colosos del Ritmo…


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button