ESZENA

“inTACTO Jaialdia” eszena garaikidearen erreferentzia

Datorren azaroaren 23an, InTACTO Gasteizko eszena garaikidearen jaialdiak bere zortzigarren edizioaren ateak zabalduko ditu. Hiru egunez bederatzi pieza eskainiko ditu Artiumen; haietatik bi estreinaldiak izango dira estatu mailan eta beste bi lehendabiziko aldiz ikusiko dira Euskal Herrian.

Jaialdiak dantza esparruaren inguruan egituratutako programa artistikoa osatu du, eta nazio mailako eta nazioarteko bederatzi proposamen eszeniko garaikide bilduko dira Artium Museoan.

Estreinaldietako bat Jonathan Burrows koreografoak eta Matteo Fargion musikagileak sorturiko Any table, any room performancea da. Hemengo lau artista izango dira haiekin eszenatokian: Hannah Frances Whelan, Zuriñe Benavente, Blanca Arrieta eta Miguel Garces. Bikote artistiko beteranoak sortze laborategi bat egingo du haiekin estreinaldiaren aurretik.

Azaroaren 22an, osteguna, 19:00etan, 52 portraits proiektatuko da Artiumen Emanaldi-aretoan. Hor, mundu osoko dantzariek beren historiak partekatzen dituzte erretratu laburren bidez. Nazio mailako beste estreinaldia Queen of hearts izango da, Navaridas & Deutinger austriar konpainiarena.

Proposamen koreografikoak Aimar Perez Gali koreografo eta dantzariaren eskutik iritsiko dira Artiumera. Tartean, Sudando el discurso: una crítica encuerpada piezaz gozatu ahalko da. Beste dantza saio bat Si pudiera hablar de esto no haría esto izenekoa izango da, Janet Novás galiziar dantzari eta sortzailearena.

Bertako sorkuntzak ere izango du lekua Jaialdian. Alaitz Arenzanak eta Maria Ibarretxek Bilbon osatutako Sra. Polaroiska arte-kolektiboak Lur away piezaren euskarazko bertsioa estreinatuko du. Eta zortzigarren edizio honi amaiera emango dio Amalia Fernandezen El resistente y delicado hilo musical lanak, poesiako elementuak dituen koreografia-partitura batek.

Horiez gain, Montehermoso Kulturunearekin elkarlanean, azaroaren 24ko eta 25eko goizean jardunaldi profesional batzuk egingo dira, “proiektu eta espazio kulturalen kudeaketari heltzeko ohituren eta moduen inguruan eztabaidatu eta gogoeta egiteko testuinguru bat finkatzeko xedez”.

Jaialdiaren inguruko informazio guztia, hemen erdietsi ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button