EZLEKUBAT

Perlak: “Lokalean ari gara dagoeneko inprobisatzen, atmosfera berrien bila”

Argazkia: Lorena Otero.

Zarauzko after-punk bandak Itzaletatik izenburuko disko berria argitaratu du. Laukoteak ohiko doinu melodiko eta ilunak jaso ditu, 80ko hamarkadako post-punk estilotik edaten dutenak, baina oraingoan, soinuak nabarmen egin du gora, Aitor Abio ekoizlearen lanaren ondorioz.

Perlak taldearen Facebook webgunean jasotzen denez, taldearen eraginak hauexek dira: The Cure, Joy Division, New Order edo Siouxsie & the Banshees; hots, after-punkaren itzaletik sortutako pop taldeak. Bada, disko berri honetan ere eraginon geriza nabarmena da: baxu potoloak, giro lanbrotsuak, sintetizadoreak…

Taldearekin solastatu gara, lan berri horren nondik norakoak deskubritzeko asmoz.

“Itzaletatik” entzun, eta berehala ohartzen da entzulea Perlak-en soinuak nabarmen egin duela gora. Hazkunde horretan zerikusi handia izango zuen Aitor Abiok. Nolakoa izan da harekin lan egitea? Noraino sartu da kantuetan? 

Aitor Abiorekin harremana lehenagotik dator. Maitek Inconexia haren aurreko taldearekin grabatu zuen Gaua estudioan. Gerora, Perlaken lehendabiziko lana han grabatzea erabaki genuen, gustura aritu eta bigarrena ere bere eskuetatik pasatzea nahi izan dugu. Kantuetan eragina izan du, noski, egituretan zein konponketetan. Zenbait proposamen hasieratik gustatu zaizkigu, eta beste batzuk ez. Nahasketetan ere buelta dexente eman genituen gureago sentitzen genuen soinuaren bila denak gustura egotea lortu dugun arte. Lanean gustura aritu gara elkarrekin.

Horrekin lotuta, Miren Narbaizaren ekarpena ere azpimarratuko nuke. Noiztik ari da zuekin eta zer ekarri dio taldeari?

Miren iazko maiatzean elkartu zen taldera, Oihanek taldea utzi eta gero. Ba egia esan freskotasuna ekarri digu abestiak sortzerako orduan, esperientzia ere bai, kontzertuetako antolatzaileekin ditugun harremanetan kondizioak-eta negoziatzeko orduan adibidez; eta segurtasuna gure musikaren gain, konfiantza, talde bezala autoestimua igotzea, eta horrek hazi egin gaitu, heldu egin gara. Eta nola ez, laguntasuna, konplizitatea harreman pertsonalean.

Horretaz gainera, kantuetan taldeak agertokian eskuratu duen eskarmentua ere islatzen dela esango nuke. Ados al zaudete baieztapen horrekin?

Ez dakit eskarmentua den, horrek guretzako esperientzia txar baten ondorioa esan nahi du eta; baina esperientziaz ari bazara ordea, baliteke azken urteetako kontzertuek ekarri digutela segurtasuna batez ere oholtzan. Ez dakigu diskoan hori igarri daitekeen, baina seguruenik horretan ere islatuko da.

Ahotsetan eta teklatutan ahalegin berezia egin duzue, ezta? Bereziki zaindu dituzuen elementuak al dira?

Ez beste batzuk baino gehiago, estudioan esperimentatzen eta sortzen joan diren elementuak dira. Egia da, azkenerako uzten dituzun elementuak izaki, jolasteko aukera gehiago ematen dutela esaterako, perkusioek edo baxu lineak baino. Era berean, gitarrekin ere asko jolastu dugu.

Estudioan zenbait kolaboratzaile ere izan duzue. Zein izan da haien ekarpena?

Batetik Emakume Mundu Martxarako Bandera moreak sortu genuen eta ez genuenez inon argitaratu disko berrian gehitzea erabaki genuen. Bururatu zitzaigun beste bertsio bat egitea, tempo geldoagoan eta ilunxeago. Eta hor argi ikusi genuen Maite Arroitajauregiri deituko geniola txeloak sar zitzan. Eta asmatu dugula uste dugu.

Bestetik, Oihane Abarrategi Perla ohiak ere parte hartu du. Emakume kuantikoa kantua berak egina da, eta noski, kantatu egin behar zuen. Oso momentu berezia izan zen guretzat. Orain, hainbat zuzenekotara ere etorri izan da eta oholtzan lagundu izan digu lehenengoz Perlak boskote bilakatuz.

Horren guztiaren ondorioz, disko sendoa eta iradokitzailea egin duzue. Pozik zaudete emaitzarekin?

Hala uste baduzu pozten gara. Guk ez genekien zerekin irtengo ginen estudiotik, seguruenik hainbat ideia ez ziren beteko eta bestelako ustekabe politak ere sortu dira; orokorrean pozik gaude bai.

Nik uste dut disko honekin taldea asko hazi dela, zuek ere nabaritzen al duzue kalitate salto hori?

Kalitatean ez dakigu esaten hazi ote garen baina badugu talde bat garelako sentipena. Kontziente gara ez doala aurrekoaren bidetik, onerako zein txarrerako beste eremu batzuetara joan dela.

Halere, esperimentaziorako joera falta nabaritu du (atsegin dut post-punk-eko taldeek erakusten duten abstrakziorako puntu hori). After-punkaren alde pop-zaleenean kokatzen duzue taldearen proposamena?

Aurreko diskoari erreparatuz gero, agerikoa da aipatzen duzunetik askoz gehiago edaten duela. Itzaletatik-ek ez du horrenbeste hortik, kantuen ohiko eredutik dute gehiago, estilo zein egitura aldetik klasikoagoak dira gure ustez. Ez dugu apropos bilatu, baina horrela irten da.

Agian, etorkizunerako pauso berria izan daiteke esperimentaziorako jauzi hori?

Guk geuk ere komentatzen dugu gure artean hurrengo pausua hortik joan daitekeela, proposamen freskoago baten bila, esperimentalagoa eta berriz ere, bidezidor ilunagoetara abiatzen dena. Lokalean ari gara dagoeneko inprobisatzen atmosfera berrien bila.

Amaitzeko, lan berriko kantuak jada zuzenean aurkezten ari zarete. Nolako harrera jasotzen ari zarete?

Harrera nahiko ona izaten ari gara, behintzat proposamenak jasotzen ari gara zuzenekoetarako eta jendea hurbiltzen da gugana!

Zerbait gehiago gehitu nahi duzue?

Ez, eskerrik asko gugana jotzearren eta barkamenak horrenbeste atzeratzearren… ez baduzu argitaratzen ez gara haserretuko… jejeje. Ondo izan, besarkada!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button