BESTELAKOAK

Pandemiak, distopiak eta mundu berriak

Pandemiaren egoera distopikoari buruzko saioa eskaini du bere azken zenbakian Jakin aldizkariak, Pandemiak, distopiak eta mundu berriak titulupean. Jakin Jardunaldian gai hura landu zen, eta orain sakonago papereratu dute Mario Zubiaga Garate, Arantxa Etxeberria Agiriano, Joseba Azkarraga Etxagibel, Irati Zubia Landa, Joseba Gabilondo eta Harkaitz Canoren testuekin.

Politika biluzik birusaren garaian testuan COVID-19aren krisiak agerian utzi dituen hainbat hari-muturri heldu die Mario Zubiaga EHUko Politika Zientzietako irakasleak, “maskarak inposatzen dituen birus hau desmaskaratzailea” izan delako.

Mikro-bioa, gaitza eta natura saioan, Arantza Etxeberria Agiriano EHUko Filosofia Saileko irakasle eta IASResearch Group on Life, Mind and Society taldeko ikertzaileak aipatu du honakoa ideia: “Gizakia ez da sistema isolatua; aitzitik, beste bizidunekin erlazioan ulertu behar da bere izaera”.

Joseba Azkarraga Etxagibelek Ekodistopia prospektiban, EHkotopia perspektiban testua idatzi du azaltzeko naufragio batean gaudela, eta gure gizartea antolatzeko modua hondoratzen ari dela.

Egia-ostea ziurgabetasun garaian izeneko ekarpenean, Irati Zubia Landak dio egiarekiko interes eza gure garaiko ezaugarrietako bat dela, egia-ostea deitutako fenomenoak edo egoerak gero eta protagonismo handiagoa izaki. Arriskutsua da, zinez; krisi eta ziurgabetasun egoeretan are nabarmenago.

Joseba Gabilondo Pandemiaren arrazoiaz: konspirazioaren, paranoiaren eta negazionismoaren defentsan testuan dio konspirazionismoa, paranoia eta negazionismoa (konspiranoinegazionismoa) forma politiko emankor, aktibo eta populistak direla. Mugimendu horiek ezker zein eskuinekoak baitira, oso heterogeneoak, eta ezkortasuna da batzen dituen elementu bakarra.

Azkenik Harkaitz Cano idazleak honako etorkizuna irudikatu du: 2024. urtea da. COVID-25ak mutatzen jarraitzen du, lau milioi hildako izateraino. Txerto eraginkorrik ez. Musukoak eguneroko osagarriak dira. Idoia Mendia EAEko lehendakari. Gizon eta emakumeak txandaka ateratzen dira kalera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button