ARTEA

Naturarekiko harremana gorputzez sentitu

Azkuna Zentroak 2024ko erakusketa-programazioa abiarazi du The Artwork As a Living System erakusketarekin, non Christa Sommerer eta Laurent Mignonneau artisten lana erakusten den. Gaur, hilak 8, bikote artistikoak bisita gidatua eskainiko du 18:00etatik aurrera erakusketako lanak azaltzeko.

The Artwork As a Living System erakusketak “bizitza artifizialeko sistemen ia hogeita hamar urteko ikerketaren eta garapenaren historia kontatzen du. Kodeek eta gizakiaren esku-hartzeak eragina duten ingurune interaktiboetan erreproduzitu dira.”

Modu birtualean artea eta natura lotzen dira, interaktibitatea erabiltzeko teknikarik berritzaileenekin. Christa Sommererrek eta Laurent Mignonneauk artea “sistema ireki gisa planteatzen dute, eta sistema horretan sorkuntza ez da ulertzen artistaren barne-sormenaren edo asmamenaren adierazpen gisa, baizik eta prozesu intrintsekoki dinamiko bihurtzen da, interakzio-parametroetan eta obraren irudiaren bilakaera-prozesuetan oinarritzen dena”.

Azkuan Zentroak azaldu duenez, “Erakusketa 18 lanek osatzen dute, horietako asko instalazio interaktiboak, non publikoak naturarekiko harremana “gorputzez” sentitzen duen eta edozein erabakik, txikia edo indibiduala izan, ekosisteman aldaketa handiak nola eragin ditzakeen jabetzen den. Multimedia artelanak dira, aurkikuntza zientifikoetan oinarrituak, eta landareen hazkuntza edo ordenagailuz sortutako izaki txikien portaera esploratzeko aukera ematen dute. Instalazioek sistema bizidunak simulatzen dituzte, haietan, landare batzuk ukituz, idazmakina batean tekleatuz edo pantaila baten aurrean mugituz eraldaketak sortzen baitira espazio digitalean.”

Hortaz, The Artwork As a Living System erakusketak aukera ematen dio bisitariari “naturarekiko harremana gorputzez sentitzeko, ingurune naturalak esploratzera eta haiekin elkarreraginean aritzera eta espazio digitalean haien eraldaketan parte hartzera gonbidatzeko.”

The Artwork as a Living System jarduera programa batekin osatzen da, besteak beste, bisita gidatuak eta audiogida tailerra eskola maila desberdinetako ikasleentzat.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button