ARTEA

Ertibil Bizkaiaren 42. edizioa bidean da

Getxoko Punta Begoñako galerietan, Bizkaiko Arte Bisualen Erakusketa Ibiltaria inauguratu da. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako lehiaketa lurraldean bizi eta lan egiten duten 18 sortzaile berriren lanak bilduko ditu.

Aurtengo Ertibil Bizkaian 3 saritu eta 15 hautatuak batuko dira, honako hauek: Leo Burge, M. Benito Piriz, Lucía Jayo Altamirano, Tana Garrido Ruiz, Maider Gonzalo Salceda, Ángela R., Jon Ander Terroba, Ane Diez de Ulzurrun, Hodei Herreros, Idoia Leache, Julia Martos, Víctor Ortuño, Aida Valdes, Ane Berganza, Unai Cardoner, Martzel do Nascimento Goiria, Garazi Etxebarria Azurmendi eta Bakarne González & Eva Rayak osatutako bikotea.

Erakusketa ibiltaria denez, Bizkaiko bost udalerritan egongo da ikusgai: Getxo, Basauri, Igorre, Derio eta Amorebieta-Etxano.

Erakusketak “Bizkaiko egungo arte-panoramaren aniztasuna eta talentu kartsua islatzen ditu. Lanek (instalazioak, margolanak (olioa, akrilikoa eta pastela), bideoa, eskultura eta argazkigintza) parte-hartzaileen sormena eta adierazpidea islatzen dute.”

Ertibil Bizkaia 2024ko sarituak hauexek izan dira: Leo Burgek lehenengo saria eskuratu du Entre murmullos y cabello lanarekin. “Zortzi marrazkiz osaturiko bilduma bat da, espazio multidimentsional batean marra eta zatien arteko fusioa esploratzen duena”. M. Benito Pirizek bigarren saria lortu du Abrazo lanarekin, zulatutako gorputzari buruzko eskultura-hausnarketa zirraragarriarekin. Eta Lucía Jayo Altamiranok hartu du hirugarren saria, You’ ll Never Guess lanarekin. “Argazki proiektu bat da, irudiak errepikatuz ikuslearen pertzepzioa desafiatzen duena”.

Aurten, 149 eskaera jaso ditu ekimenak, eta guztien artean, 18 obra hautatu dira erakusketa honetarako, eta Bizkaian sortzen ari den talenturik onena erakutsi ahal izateko.

Ertibil Bizkaiaren berrogeita bigarren edizioko epaimahaia honako hauek osatu dute: Jon Ander García Benítez, Ertibil Bizkaia 2023ren irabazlea; Andrea Estankona Loroño, EHUko Arte Ederretako irakaslea; Sahatsa Jauregi Azkarate, artista, eta Helena López Camacho, Uribitarteko arduraduna (BilbaoArte) eta erakusketaren harira argitaratutako katalogoko testuen idazlea.

Erakusketa Getxon hasi da, Punta Begoñako galerietan. Han egongo da irailaren 2ra arte. Gero, irailaren 4tik urriaren 3ra, Basaurin egongo da, Arizko Dorretxean. Jarraian, Igorrera joango da, Lasarte Aretora, urriaren 5etik urriaren 31ra. Deriok ere hartuko du erakusketa ibiltaria, Kultur Birikan, azaroaren 4tik abenduaren 2ra. Eta Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroa izango da erakusketaren azken lekua, abenduaren 3tik 30era.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button