
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak udazkeneko kultur programazioaren barruan hainbat ekitaldi ondu dituzte, musika, literatura, bertsolaritza eta ikus-entzunezko elementuak uztartuz.
Gaur berton, hilak 18, Castillo Suarez idazlearen eta Sara Zozaya musikariaren eskutik poesia, musika eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen Elurra izeneko errezitaldiarekin gozatzeko aukera egongo da.
“Ikuskizun honetan hotza eta nostalgia sentituko ditugu batera. Ikasiko dugu nola ibiltzen den elurraren gainean. Elurra, basamortua edo itsasoa bezala, begira dagoenaren ispilu bihurtzen dela esango genuke. Horregatik kanpoko elurra urtu edo izoztu aurretik, bizi izan dugun guztia idatziz utzi nahi izan dugu, eta publikoari oparitu elurra iristen ez den lekuetan partekatzeko”.
Castillo Suarez (Altsasu, 1976) euskal filologian lizentziaduna eta euskaltzain osoa da. Gaur egun Euskal Herrian dugun poeta onenetakoa da askoren aburuz. Bere lanek hainbat sari jaso dituzte eta hainbat hizkuntzatara itzuli dira (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, katalana, galegoa…). Gaur egun Argia aldizkariko kolaboratzailea da.
Sara Zozaya (Donostia, 1995) Donostiako konpositore, abeslari eta instrumentista da, eta hiru disko grabatu ditu bakarka. Egungo estiloen eta tokiko soinuen nahasketak altxor preziatu bihurtzen du bere proposamen musikala.
Hurrengo saioa abenduaren 16an izango da: Bizi sintetikoak. Leire Vargas idazle eta bertsolariak eta Jaime Nieto (El Columpio Asesino, We are Standard, Joseba Irazoki…) musikariak sortu dute.



