
Jon Garmendiak eta Xabi Solanok hitzak eta musika uztartu dituzte Bidasoatik Harago ikuskizuna sortzeko. Ikusgarri xume honek Bidasoa ibaia abiapuntu izanda hitzen eta musikaren bidez unibertso propio bat sortzea du helburu, ikusleari zentzu eta emozioak piztea eskaintza literario eta musikalean.
“Ipuinak, poemak eta idatzi laburrak, gitarra, trikitia eta ahotsa, horra ikuskizunaren osagai batzuk. Abentura, ametsak, herria, kultura, historia, maitasuna… hitzekin eta musikarekin jolasean arituz zentzu eta emozioetan eragiteko nahikeria da eskaintza hau”.
Urrian 30ean hasi zen ikuskizunaren bira Hernanin, Biteri kultur etxean, eta orain, beste herri eta toki desberdinetatik izan duten eskaerari erantzunaz data berriak izango dira. Gaur gaurkoz, hauek dira Bidasoatik Harago piezak egingo duen bidea: azaroaren 7an, Getxoko Muxikebarrin izan dira, eta gaur, azaroaren 18an, Bilboko Arriaga antzokian egongo dira.
Horren ostean, azaroaren 22an, Atharratzeko Prefostara joango dira. Azaroaren 30ean, Gasteizeko Izaskun Arrue kulturgunean eskainiko dute ikusgarria, eta azkenik, abenduaren 20an, Orion.



