BESTELAKOAK

Bilbao Arte eta Kultura (BAK) ikastaroen hamaikagarren edizioa abian

Aste honetan bertan hasi dira Bilbao Arte eta Kultura (BAK) ikastaroak. Ekainaren 21etik 25era egin da Campos antzokian lehen ikastaro garrantzitsua María Muñoz, dantzari, koreografo eta pedagogoaren eskutik.

Hala, datorren astean segida izango du udako ekimen honek. Lurraldeak eta mugak. Esperientzia dokumental garaikideak ikastaroak hiru zinemagile ausartenetakoak bilduko ditu Bilbon ekainaren 28tik 30era: Isaki Lacuesta, Lluis Escartin bideo-sortzailea eta Elias Leon Simiani mikrodokumental sortaren zuzendaria. Ikus-entzunezkoen atal berean, Batetik bestera aldatzea, zinema, antzerkia eta telebista: eszenatoki partekatua ikastaroan generoen arteko harremana aztertuko dute, betiere sorkuntzaren ikuspegitik begiratuta. Bestalde, Leioako Arte Ederretako Fakultatean partaide aldetik arrakasta handiz egin ohi den zinema-tailerrean izango dira aurten Koldo Serra, Kepa Sojo, Borja Crespo, Patxi Urkijo, Jorge Nuñez de la Visitación, Victor Cabaco eta Juan Flan zinemagileak.

Arteak, Museoak eta Teknologiak atalean Artea eta sormena mintegia antolatu dute Guggenheim Museoarekin batera. Bertan, edertasuna, plazer estetikoa, eta ildo bereko kontzeptuen inguruko hausnarketa egingo dute partaideek (Maider Lopez eta Elssie Ansareo artistak eta Telmo Rodríguez enologoa).
Bilbao Metropoli 30 erakundeak koordinatuko duen beste ikastaro batean diseinu teknologikoan arteak duen originaltasuna izango dute eztabaidagai. Partaide izango dira, besteak beste, Santiago Cirugeda arkitekto subertsiboa, Marcel-li Antunez performer-a eta Alfa Arteko kudeatzaile Jose Mari Armentia. Atal berean, ondare historikoari buruzko beste bi ikastaro izango dira, eta sare sozialen eta 2.0 teknologien inguruan museoek egin beharko luketen erabilera ere aztertuko dute. Azkenik, urban mapping kontzeptuari buruzko mintegia antolatu dute.

Kulturak eta literaturak ere izango dute tokia ikastarootan. Aurten poesia zabaltzeko moduak aztertuko dituzte Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe idazleekin. Ildo horretan Galizian aurrera eraman dituzten esperientziak ere hizpide izango dituzte hainbat kritikarik, irakaslek eta adituk.

Musika ikastaroei dagokienez, aurtengoan ere primerako partaideak bilduko dituzte. Horrela, eskola magistralak eskainiko dituzte Maria Bayo soprano nafarrak, Josep Colom piano-joleak, Alexei Ogrintchouk oboe-joleak, Jose Luis Estelles klarinete-joleak, Emmanuel Sejourne perkusio-joleak eta Keiko Wataya biolin-jole japoniarrak. Dantza tradizionalaz Jon Maya arduratuko da.

Kultur esparruko ikastaroez gain, Bilbao Arte eta Kultura (BAK) ekimenak gizarte-gaiei buruzkoak ere eskaintzen ditu. Ildo horretan, Hezkuntza eta Komunikazioa atalean lau ikastaro eskainiko dituzte: lehenengoan, teknologian eta komunikabideetan aldaketak etengabeak diren garaiotan komunikatzaile ona izateko gakoak azalduko ditu Joxerra Garziak; bigarrenean, berriz, hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren arteko lotura aztertuko dute; hirugarrenak Garapenerako Hezkuntza izango du ardatz; eta laugarrenean, musika-kazetaritza izango du hizpide Joseba Martin irrati-kazetariak. Gainontzeko ikastaroetan hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola, ekonomia solidarioaren merkatu alternatiboak, Urdaibaiko erreserbaren etorkizuna, herritarren konfiantza kultura anitzeko gizarteetan, superwoman rola edota kirol-jardueren kudeaketa.

Ikastaroen antolaketan EHUk kolaboratzaile izan ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila, eta Bilboko Udala.

EHUk bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button