ARTEA

Ertibil Arte Plastikoen Erakusketa Ibiltariaren XXVII. edizioa aurkeztu dute

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako diputatuak Ertibil Bizkaia/Arte Gaztea Arte Plastikoen Erakusketa Ibiltariaren XXVII. edizioa aurkeztu du gaur, Bilboko Rekalde aretoan.
Ekitaldian ERTIBILen 2010eko edizioan saritu dituzten hiru artistarik bi izan dira: Itziar Barrio (margolaria) eta Begoña Anton (argazkilaria); Nadia Barkate (margolaria) ere saritua izan da baina ezin izan du etorri.

1983tik, Ertibil sormen-lan berria bistaratu, alderatu eta baloratzen duen esperientzia erakargarria da. Eta, gainera, aldatzen jakin du, bere ezaugarriak galdu gabe: Bizkaiko herri eta hirietan jarduera estetikoak programatzea. Gure testuinguruko sortzaile garrantzitsuenen parte-hartzearekin, fenomeno artistiko garaikidea ulertzeko datuak era onargarrian eskaintzen dituen erakusketa ibiltaria da.

Aurtengo saridunak Itziar Barrio (margolaria), Begoña Anton (argazkilaria) eta Nadia Barkate (margolaria) izan dira.
Lehenak The paradise is here izeneko proposamenarekin irabazi du lehen saria. Barriok irudi-sinboloekin jolastean dabil, zapore arrotza uzten duen portaerarekin bat eginez. Sistema berriak sortzen ditu ingurune desegituraturiko batetik abiaturik.

Begoña Anton-ek argazkiak ekarri ditu. Txarriboda izeneko serie bat ezarri du horma zurietan. Laster batean galduko den herri tradizioaren ikuspegi familiarra. Emakumeak, haragia, aiztoak,…
Nadia Barkatek bere aldetik Lonas Rojas izeneko margolanak presentatu ditu. Gorria da oinarria, ia gorri biolento bat, eta gainean errotuladorez margoturiko paisaiak eta pertsonak. Lan ikusgarriak.

Erakusketa Bilbon egongo da abuztuaren amaiera bitartean, eta, gero, Elorrio, Lekeitio, Barakaldo, Galdakao, Zalla, Gernika-Lumo eta Markina-Xemeinera joango da.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button