LITERATURA

“Zazpi Kale Saria” Miren Agur Meabe idazlearentzat

Gaur, ekainak 5, Bilboko 44. Liburu Azokaren barruan, Miren Agur Meabe idazleak Zazpi Kale Saria jaso du Kristalezko begi bat lanagatik. Zazpi Kale Sariak azokaren aurreko edizioan euskarazko lanik salduena goraipatzea du helburu, eta hain zuzen ere, idazle lekeitiarraren Kristalezko begi bat eleberria izan zen erosiena eta komentatuena.

Joan den maiatzean, 111 Akademiako kideek ere idazle lekeitiarraren Kristalezko begi bat eleberria izendatu zuten iazko obrarik gogokoena, eta hori dela eta, Susa argitaletxeak plazaratutako eleberriak jaso zuen 2013ko 111 Akademiaren Saria.

Miren Agurrek berarentzat oso sari esanguratsua dela esan du, “lekeitiarra naizen arren, Santutxu aldean bizi izan naizelako 30 urtez, eta bilbotarra ere banaiz, eta horrexegatik Bilbotik sari hau jasotzea oso gogoangarria da niretzat”. Azkenik bere obraren gaineko zertzelada batzuk ere eman ditu: “Hazi al naiz nire liburuekin batera, edota liburuak nirekin hazi dira? Batzuetan testu bitalistak idatzi nahi izan ditut, etsipenaren bulkadaz beste batzuetan, eta azken lan honetan agertzen diren gurasoekiko hika-mikak eta aitarekin izan dudan harremana dela eta, sari hau aitari dedikatu nahi diot, duela egun batzuk hil zen eta.”

Sari jaso ondoren, Unai Baztarrika poetak Ezinbestean lana aurkeztu du. Blas de Otero-Villa de Bilbao Poesia Sariaren seigarren edizioan, euskaraz idatzitako lanen artean, Unai Baztarrika Otegiren Ezinbestean poesia liburua izan zen irabazlea. Egilea, batxilergoko ikasle garaian Azkue eta Urruzuno Sariak lortu zituen. Ez du inoiz libururik argitaratu, eta sari honi esker bere lehenengo lana argitaratzeko aukera izan du. Eta horixe eskertu nahi izan du aurkezpen honetan. Bere poesigintza zertan den azaldu du gero, “lan hau modu fragmentarioan idatzi nuen, poema bat beste baten atzetik, baina gerora konturatzen zara hari batek lotzen dituela guztiak. Liburu honetan, hasiera sendoak diren sentimenduak nola arrakalatzen diren saiatu naiz adierazten, eta hori dela eta, oso liburu pertsonala atera zait, egiazkoa”.

Ondoren, Bizkaiko Kondairak bildumaren barruan agerturiko Gaztelugatx, Gorbeialdea eta Bilbo ipuin-liburuak aurkeztuko dira, Foru Liburutegiak eta Seve Callejak argitaratutakoak; eta Antonio de Truebaren omenez argia ikusi duen Enkarterriko ipuinak ere bai. “Herriak sortu duena, herriarentza da” aipatu da bertan.

Arratsaldeko programazioan, 19.30ean, I. Nobela Erromantikoa Topaketa egongo da azokako karpan Ángeles Ibirika, Pilar Cabero, Ava Campbell eta Iratxe Zabalarekin, Félix Linaresek aurkeztuta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button