BESTELAKOAK

“Markos Gimenoren Karteletrak” erakusketa, Euskal Herria Museoan ikusgai

Apirilera bitartean, Gernikako Euskal Herria Museoan erakusketa berria izango da: Markos Gimenoren Kartelertak. Bertan, Markos Gimenok egindako hainbat palindromo aurkituko dituzue, baita Euskal Herriko hainbat artista, lagun eta diseinatzailek, esaldi horietan oinarriturik sortu dituzten obrak ere. Ekimenaren antolatzaileak Joseba Sarrionandia eta Esteban Montorio izan dira.

Markos Gimeno Vesga, 1974ko maiatzaren 5ean jaio zen Ermuan.  Bere bizitza sorkuntzara bideratu zuen, nahiz eta bipolaritate gaixotasuna eta depresioaldiak jasan. Bere buruaz beste egin zuen, azkenean, Eibarren 44 urte zituela, 2018ko abenduaren 7an.
Musika alorrean, The Pepes, Julio Kageta, Dantzut eta, azkenik, PAM (Puto Amoak Matematiketan) taldeetako partaidea izan zen, baxua eta ahotsa. Antzerkia ere egin zuen, Juanma Rodriguezekin batera.
Modu paregabean garatu zituen hitzekiko jokoak, hizperimentuak deitzen zituen berak. Baina, palindromoak landu zituen gehien, ezkerretik eskuinera zein kontrako noranzkoan berdin irakurtzen diren esaeren bilaketa.

Erakusketa honek Markos Gimenoren euskarazko palindromoetan oinarritutako kartelak biltzen ditu. Horietako batzuk Markosek berak diseinatu zituen. Baina, orain, bere lagun asko eta dozenaka euskal artista elkartu dira Markosen palindromoak ilustratzeko kartel formatuan, Esteban Montoriok diseinaturiko bilduman. Markosen obraren erreibindikazioa da

Erakusketa iraun bitartean hainbat ekintza antolatu dituzte bertan. Adibidez, bihar, hilak 27, Abere Ba. Ele Bele aurkezpen poetiko musikalizatua antolatu da. Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia (Bigara) palindromo eta hitz jolasean arituko dira Inaxio Tolosa musikariak lagunduta. “Palindromoen simetria grafikoa eta hotsezkoa modu esperimentalean agertu eta harek dakarren hitzen topaketa zorizkotik esanahiaren gailentzea parodiatzen duen emanaldia”. Musika, hitza eta irudia, aurreraka eta atzeraka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button