
Abuztuaren 2ra arte, Zarauzko Photomuseumeko programazioaren barruan, Fernando Garatek eta Estrella Gomarak sorturiko Modus Vivendi bildumako zati bat erakutsiko da Zantzua izenburupean.
Erakusketaren antolatzaileek adierazi duten moduan, “erakusketa honetarako aukeratutako lanak, euskarri batzuen inguruan elkartu dira, hain zuzen, dantzari beteranoek ondo baino hobeto ezagutzen duten legea betetzearren: ahalik eta bira gehien emateko, puntu egonkor batean finkatu behar da. Puntu horretara iritsitakoan, euskarri horiek Hitchcockek Macguffin deitu zuena bailiran jokatzen dute. Hau da, elementu honek tramaren aurrerapena eragiten du, argumentuaren aitzakitzat erabiliz, kasu honetan, beren karga emozionalak dituzten irudiez baliatuz. (…) Erakusketa melodia moduan eskaintzen da, bere baitan itxita, islaren inguruan etengabeko digestioa eragiten duena. Irudi bakoitzak hurbilena zirikatzen du; tonu bat emateko, mezu bat baino gehiago, lekukoa pasatuz, eta emaitzan baino gehiago, burutzen ari den ekintzan eragiteko: ez dago amaierarik. Narratiba suspertzeko aukera bat da, sinbolikoari, hurbiltzen duenari, arreta jarriz, ezaguna ezezaguna balitz bezala berriro irudikatuz. (…)
Bai Fernandok, bai Estrellak erakusketa hau argitalpen batean jaso dute, arte garaikidearen bildumatzeak dakarren konpromisoa eta erantzukizuna gauzatzeko asmoz. Hori dela eta, erakusketan artelan batekin parte hartzen duen Esther Gatón artistaren eta Ángel Calvo Ulloa komisarioaren elkarlanarekin argitalpena aberastu dute: bi testu horiei esker, edukiak obraren katalogazio huts batera mugatu ez daitezen.”