ARTEA

Ibarrolaren lengoaia eta ingurune naturala

Bilboko Rekalde Aretoak Agustín Ibarrola, naturalki izeneko erakusketa abiatu du. Datorren urteko uztailaren 4ra arte izango da ikusgai. Erakusketa horrek Ibarrolaren lengoaia plastikoaren eta ingurune naturalaren arteko lotura ezagutzera eman  nahi du.

Aldi baterako erakusketak “ekoizpen plastiko osoan naturarekin dituen hartu-emanetan sakontzen du, hori ezinbesteko lotura baita haren sorkuntza-lanetan, jorratutako ibilbide artistiko osoan ikus daitekeen bezala. Horrela, sortzailearen lengoaia plastikoa egituratzen duten gakoak naturarekin lotuta daudela azaltzen da Agustín Ibarrolaren 70 obra baino gehiago batzen dituen Bilboko Rekalde Aretoan egindako erakusketa honetan”.

Agustín Ibarrola, naturalki erakusketa artistak darabiltzan materialekin zerikusia duten arloetan egituratzen da: zura, harria, burdina eta papera. Hainbat lan eta irudi biltzen dira material horiek oinarri dutenak, eta margolanak, eskulturak, collageak, marrazkiak, maketak eta ingurune naturalean egindako esku-hartzeen argazkiak ere badaude. Horietariko batzuk oso esanguratsuak dira:  “Omako Baso Margotua, beste batzuk desagertuta daude Ereñozarreko haitzak adibidez, eta beste batzuk argitaratu gabe, kasurako Omako baserriaren inguruko zuhaixken hostoei buruzko azken pinturak”.

Erakusketak jatorrizko ikus-entzunezko bat ere badu, Josu Venerok zuzendua, eta bertan, lan nagusiak eta esku-hartze esanguratsuenak dokumentatzen dituzten irudiak ikus daitezke.

Erakusketarekin batera, bitartekaritza- eta didaktika-jarduera osagarriak egingo dira, bai eta artistarekin topaketak ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button