BESTELAKOAK

Emakumeen Nazioarteko Eguna, Bizkaiko museotan

Gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko ondarea haizatuko du beste behin, tailerren, hitzaldien, kontzertuen eta bisita gidatuen bidez. Jarduera horien xedea “Bizkaiko ondare kulturalaren sorkuntzan, kontserbazioan eta transmisioan emakumeek duten zeregina aitortzea da”.

La Encartada Fabrika Museoak hainbat jarduera antolatu ditu hilabete honetan. Igandeetan, hilaren 14, 21 eta 28an, 12:00etan, genero ikuspegia duen familia-tailerra izango da, Berdinak al gara? izenburupean.
Martxoaren 13an, Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunean Emakumeak eta txakolina mahai-ingurua izango da. Bertan, “txakolinari lotutako hainbat esparrutako emakumeek hartuko dute parte: mahastizainak, sommelierrak, enologoak,… euren esperientziak eta jakintzak kontatuko dituztenak”. Ekitaldia 12:00etan hasiko da eta bukatutakoan txakolin dastaketa egingo da.

Martxoaren 18an, Bermeoko Arrantzaleen Museoan Mairin Mitchell. La cronista de Acurio hitzaldia eskainiko da. Xabier Armendariz ikertzaileak irlandar idazle ezezagunaz hitz egingo du, “bere garairako aparta izan zen emakumea: anarkista, feminista, libertarioa, kazetaria eta itsas- historialaria baina, batez ere, euskal itsasgizonen ondare historikoarekin konprometitutako emakumea”.

Santimamiñek emakumea historiaurrean gaiari buruzko bisita gidatuak eskainiko ditu martxoaren 13an eta 14an. “Genero-ikuspegia duen bisitak historiaurreko ezagutzak aztertuko ditu, ikuspegi kritiko eta, aldi berean, zientifikoarekin”.

Bilboko Arkeologi Museoak Bizkaiko historiaren emakume ikertzaileak izeneko bisita gidatuak eskainiko ditu martxoaren 9tik 12ra, emakumeek Bizkaiko arkeologian eta ondarean egiten duten ekarpena ikusarazteko.

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak hiru jarduera eskainiko ditu martxoan. Lehenengoa Emakumeen artean paseoan bisita tematikoa izango da. Museoko aretoetan zehar egindako ibilbidearen bidez, “bisitariak hainbat emakume profil ezagutzeko aukera izango du: erreginak, kirolariak, artistak edo, besterik gabe, emakume langile anonimoak”. Hileko larunbat eta igande guztietan izango dira, 12:00etan. Gainera, Literatura eta Ondarea programaren barruan, bi euskal idazleren lanen zatiak irakurriko dira: martxoaren 11n, Toti Martinez de Lezearen Urak dakarrena lana, eta martxoaren 13an, Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoan lana. Eta martxoko programazioa osatzeko Emakumeak eta itsasoa. Batelerak  tailerra eskainiko da martxoaren 20an eta 21ean.

Azkenik, Muskizko El Pobal burdinolak eta Muñatones gazteluak hitzaldi-ziklo bat aurkeztuko dute, euren ikerketa-arloan erreferentzia diren emakumeek gidatuta egongo direnak. Ziklo hori martxoaren 28an hasiko da, Muñatones gazteluan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button