LITERATURA

Bob Dylanen kantak eta Louise Glück idazlearen poemak, euskaraz

Gaur berton aurkeztu dira Bob Dylanen 100 Kantu eta Louise Glück idazlearen Basairisa izeneko lanak Elkar argitaletxearen eskutik. Xabier Paya eta Garazi Ugalde Pikabea izan dira lanen itzultzaileak.

Xabier Payak itzulitako laneko protagonista Bob Dylan da. XX. mende osoko musika herrikoian eragin handieneko sortzailea izango da seguru asko Bob Dylan, bai konposatzaile, bai interprete, bai letragile gisa. Folketik rockera, countrytik eta beste hainbat estilotatik pasatuz, 600 kanta baino gehiago sortu ditu. Haren balio literarioa aitortu zion Suediako Akademiak Nobel saria emanez, eta orain euskaraz eskaintzen da edizio elebidunean, AEDrekin antolaturiko Jokin Zaitegi bekari eta Xabier Payaren itzulpenari esker.

Louise Glückek idatzitako Basairisa lana Garazi Ugalde Pikabeak euskaratu du. 2020an, Suediako Akademiak Louise Glück-i (New York, 1943) eman zion Literaturako Nobel Saria “haren ahots poetiko nahasezina, edertasun soil batez existentzia indibiduala unibertsal egiten duelako”. Egileak aitortu zuenez, “hasieratik hiztegi sinpleena hobetsi nuen. Testuinguruaren aukerek liluratzen ninduten (…), nola aska zezakeen poema batek, hitz baten kokapenari esker, erritmoaren eta kadentziaren sotiltasunaren bidez, hitz jakin horren esanahi-gama oso eta harrigarria”. Garazi Ugalde itzultzaileak hitzaurrean dioenez, idazlearen ahots poetikoa: “intimista baina unibertsala, kultua eta aldi berean noranahikoa, iluna bezain zorrotza, xehetasun zalea eta hala ere esan gabekoari lekua egiten dion horietakoa”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button