BESTELAKOAK

Bikoteka, liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra

Liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko da lau egun eta erdiko ikastaro trinkoan, 2026ko urtarrilaren 26tik 30era, Iruñean. Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak koordinatuko dute tailerra.

Galdera asko izango dira tartean: Zein da liburu ilustratu baten abiapuntua? Nola eraikitzen da pertsonaia bat irudiz eta nola hitzez? Zein dira arketipoak eta nola funtzionatzen dute? Nola sekuentziatzen da istorio bat? Nola atera dakioke ahalik eta etekinik gehien irudizko lengoaiari, hitzek diotena literalki ilustratu beharrean istorioari dimentsio berri bat emateko? Zein esperientzia literario eskaini nahi diogu irakurleari? Nola funtzionatzen du gurean album ilustratuen edizioaren munduak?

Aitziber Alonso ilustratzaileaz eta Harkaitz Cano idazleaz gain Uxue Razkin editorearen (Erein) eta Maite Caballero eta Maite Gurrutxaga sortzaileak (Tu-pust! kolektiboa) beren eskarmentuaz arituko dira.

Tailerraren xede nagusia “euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere.” Horrexegatik, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatuko du. Tailerrean zehar ariketa praktikoak azalpen teorikoekin tartekatuko dira. Eta horrez gain, film, musika, irudi eta liburuak ere erakutsiko dira.

Gogoan hartu: 2026ko urtarrilaren 26tik 30era, Iruñeko Kondestable Jauregian, eta eskaerak aurkezteko azken eguna abenduaren 5a izango da.

Informazio eta argibide guztiak: Galtzagorri elkartea

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button