
Patxi Bisquerten Ombuaren Itzala filma, gaur, urtarrilak 5, izango duzue ikusgai Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean, 19:00etastik aurrera. Proiektua crowdfunding bidez finantzatu da, eta Zizurkilgo Udalaren babes ekonomikoa izan du.
Patxi Bisquert aktore eta zinemagileak zuzendutako lanak Pello Mari Otaño zizurkildarraren figura du ardatz. Pieza zinematografikoak bertsolariaren azken 20 urteak narratzen ditu, 1890etik 1910era, “garai hartako testuinguru soziala eta gorabeherak islatuz”.
Argentina, Nafarroa eta Gipuzkoako hainbat tokitan filmatu da. Joseba Usabiaga eta Sara Cozar dira protagonistak, eta horiekin batera, Ramon Agirre, Maia O’Brien, Iñaki Beraetxe, Klara Badiola, Hodei Arrastoa, Asier Sota aktoreak aritu dira. Anjel Mari Peñagarikano eta Oihana Iguaran bertsolariak ere bertan agertzen dira.
Xabier Amurizak honako hau esan du Otañori buruz: “Figurarik beneratuena izatea ez da nik entzun izan dudan zerbait bakarra, nire bizitza guztian egiaztatu dudana baizik. Bai bertsozaleak, bai bertsolariak, bai, orohar, euskaldunak ere, benerazio horrekin hizketan entzun izan ditut beti Pedro Mari Otañoz. Aipatu benerazioa harrigarriago egin zitzaidan gero, bere bizitza ezagutu nuenean. Otaño, ideologiaz, liberala baitzen, kasu bakana eta nahiko harrigarria, haren garaian zebilen bertso tradizioan. Halere, Euskal Herri osoaren itzala irabazi zuen.”



