EZLEKUBAT

The Excitements: “Erronka izan da bertsioen maila bereko kantuak egitea”

Bartzelonako The Excitements rhythm & soul talde sutsuak Bilbon eta Barakaldon joko du egunotan, BIME musika jardunaldien baitan; azaroaren 20an, Bilboko Kafe Antzokian, eta 21ean, Barakaldoko BECen. Koko Jean Davis emakumezko abeslaria gidari duela, taldeak eskola zaharreko soul klasikoa jorratzen du, Ike and Tina Turner, Etta James edo Arthur Alexander klasikoen antzera. Orain arte, iraupen luzeko bi disko eta single sorta argitaratu ditu, Kataluniako hiriburuko Penniman Records diskoetxearen laguntzarekin. Taldearen estreinako lan homonimoa oraintsu argitaratu da Japonian, eta, bigarrena, Sometimes Too Much Ain´t Enough, labetik atera berri da; bigarrren grabazio horrek bandaren lehenengo kantu originalak biltzen ditu. Adríá taldearen sortzaile eta gitarra jotzailearekin hitz egin dugu.

Bigarren disko honetan doinu propioak egin dituzue, aurrekoan ez bezala. Nolakoa izan da jauzia? Berezko prozesu baten ondorioa?

Bai, uste dut baietz. Erronka handia izan zen, lehenengo diskoan zeuden bertsioen maila bereko kantu propioak egitea; ez da batere gauza erraza. Doinu asko baztertu genituen. Krudelak izan ginen geure buruekin, betiere, erosiko genukeen diskoa grabatzeko asmoz, hori baitzen gure helburua.

Kantu horiek egiteko Enric Bosser Penniman Records diskoetxearen laguntza ere izan duzue; berak idatzi ditu zenbait doinu: taldeko beste kide bat dela esan daiteke? Horretaz gainera, Koko-Jean abeslariak ere beste abesti bat idatzi du, ezta?

Bai, Enric egitasmoaren parte da, bai eta Mike Mariconda ekoizlea ere: garena, haiei esker lortu dugu; haiek ere errudunak dira. Enric-ek eta biok idatzi ditugu kantu gehienak. Kokok, halaber, kantuetako bat idatzi du Daniren laguntzarekin; ideia onak ditu, eta idatzi dituen hitzak oso onak dira.

Kanpoan ere oihartzun handia eskuratu duzue; esaterako, lehenengo diskoa Japonian argitaratu duzue oraintsu. Esportazioaren bidetik gaindituko al dugu krisia?

Esportazioa bizirauteko modu bakarra da, baina ez dakar sakrifizio handirik; beste herrialde batzuetara joatea, ordea, pribilegioa da. Bidaiak nekagarriak izaten dira, baina ez nituzke ezergatik aldatuko. Orain, kontinentez aldatzea falta zaigu.

Laster, Barakaldon izango zarete, BIME bezalako ekimen handi baten baitan. Baina, zein aretotan aritzen zarete erosoen?

Niri rock-and-roll klubak gustatzen zaizkit, zulo horietatik bainator, eta etxean bezala sentitzen naiz. Ez dute areto handiagoen, edo jaialdi batzuen erosotasunik, baina beste tokiek eskaintzen ez duten zerbait daukate.

Zuzenekoen harira, nondik lortzen du Kokok energia hori? Bestalde, asko gustatzen zait zuen kontzertuetan izaten diren bi mailak: batetik, Koko sumendia, aurrean; eta, bestetik, banda, geldi-geldirik, atzean. Aurretik pentsatutako zerbait al da?

Bai, oreka behar da, kontrastea, gauzak bereiz daitezen; eta Kokok, berriz, arreta erakarri behar du. Eta Kokok nondik ateratzen duen energia galdetzen didazu; bada, egunez oso lasaia da, aipatutako kontrastera itzultzen gara berriro ere, baina kontzertura iritsi, eta Gremlin bihurtzen da, zorionez.

Nolakoa izango da BIMEko emanaldia?

Motza, baina intentsua, ez baitugu tarte handirik izango; baina ez dugu inor preso hartuko.

Amaitzeko, nola hartzen zaituzte Euskal Herrian?

Ondo, beti ondo, plazera da hona gora etortzea: esker oneko ikus-entzuleak; harrera handia; eta jateko bikaina da. Zer gehiago eska genezake?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button