ARTEA

Zurezko kameradun argazkilariak

Argazkilari minutularia zurezko kamara handia hartuta herriz herri ibiltzen ziren argazkilariei esaten zitzaien. Euren argazkiek, gaur egun berezitasun ikaragarria gordetzen dute, eta hori dela eta, Photomuseumek argazkigintza mota honi buruzko erakusketa paratu du otsailaren 17ra bitartean Minutulariak izenburupean.

Egile hauek, kaxa moduko kamara zeramaten toki guztietara eta bertan laborategi txiki bat zegoen. Aire zabalean egiten zizkieten bezeroei argazkiak, eta, erritu labur bat bete ostean, argazkiak errebelatuta, finkatuta eta garbituta ematen zizkieten.

Mundu osoan zabaldutako fenomeno herrikoia izan zen. Argazki xumeak ateratzen zituzten, zuri-beltzean, bestelako asmo artistikorik gabe, baina txokorik urrutikoenetara ere hedatu zuten argazkigintza, patrika gehientzako moduko prezioekin, gainera.

Alabaina, 1960ko hamarkadatik aurrera, pixkanaka urritzen hasi ziren, ia guztiz desagertu arte.

Ez zaio sekula argazkigintzaren alor horri behar beste erreparatu. Oso bakanak dira argazki-funtsetan argazkilari horien argazkiak dituzten agiritegiak.

Minutulari askok, festa eta azoketan lan egin ohi zutenek batez ere, marraztutako dekoratuak erabiltzen zituzten argazkiaren hondotzat. Oihal bilgarriak izaten ziren, eta desmuntatu zitekeen egitura batean finkatzen ziren. Giro honetan ateratako argazki ikusgarriak dira oso.

Orain, honetaz gehiago jakin nahi baduzue, Zarautzeko Photomuseum aretoan zabaldutako erakusketara jo beharko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button