BESTELAKOAK

Hiriaren etengabeko aldaketaz, “Urbanbat” jaialdia

Azaroaren 8tik 12ra bitartean, Urbanbat jaialdia ospatuko da Bilbon. Jaialdiak urbanismo eta berrikuntza sozialari buruz hausnartzeko aukera ona eskaintzen du. Aurtengoa 6. edizioa izango da.

Jaialdia bihar bertan abiatuko da hirietan gertatzen ari diren lekualdatzeen gaineko proposamen alternatiboen aurkezpenarekin. Igandera bitartean hainbat jarduera programatu dira: hitzaldiak, paseoak, tailerrak, zine-narratibak, performanceak, eta abar.

Jaialdiaren muina testu interesgarri honek luzatzen du: “Hiria etengabe aldatzen ari da, eta horrek, ezinbestean, mugimendua dakar berekin: joan-etorriak, aldaketak, agerpenak eta desagertzeak. Alabaina, azken urte hauetan, ekonomia- eta turismo- ahalmen handia duten hirietan bereziki, hiria eraldatzeko eredu oso zehatz bat ikusten ari gara.(…) Prozesu horiek konplexuak eta modu askotarikoak badira ere, denetan gertatu ohi da errenta txikiak dituzten herritar apalek ezinbestean lekualdatu behar izaten dutela erosahalmen handiagoa eta kultura premia berriak dauzkaten beste hainbat herritarri lekua egiteko. (…) Aldaketa horiek askotarikoak dira: espekulazioa, utzarazpenen ondoriozko kanporatzeak, etxebizitza-eskaintza berriaren elitizazioa, gaueko aisiaren kontzentrazioa, hornidura-azoken gourmetizazioa, kulturaren instrumentalizazioa aisiari eta kontsumoari lotutako sektore gisa eta abar. Aldaketa horiek guztiek injustizia sozialari eta hiriaz gozatzeko eskubide legitimoari lotutako arazoak dakartzate berekin.(…) Jaialdi honetan, gogoeta egingo dugu kulturak eta arteak prozesu horietan guztietan betetzen duten zereginari buruz. Hirigunea elitizatzeko eta esanahi berria emateko betetzen duten rolari buruz, auzoak garestitzen dituzten sorkuntza-zerbitzu eta sorkuntza-industrietan oinarritutako “ekonomia berria” ezartzeko duten trakzio-ahalmenari buruz. Baina, halaber, herritarrak gentrifikazioaren aurka ahalduntzeko duten ahalmenari buruz eta komunikatzeko, subjektibotasunak sortzeko, gizarte-mugimenduetara eta gizarte-arazoetara hurbiltzeko, aktibazio politikorako, guneak eraberritzeko eta lekuaren memoria eta identitateari balioa emateko duten ahalmenari buruz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button