ARTEA

“Harri, Orri, Ar,” mintegia, Rekalde aretoan

Urtarrilean abiatu zen Bilboko Rekalde aretoan Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko ikerketa taldeak, laSIAk, antolaturiko Harri, Orri, Ar, izeneko mintegia. Abenduaren 15era arte luzatuko den mintegi horren bigarren saioa gaur berton izango da.

laSIAk praktika artistikoaren dimentsio ikertzailean sakondu nahi du ekimen honen bidez, izan ere, “artearen praktika jakintza-esperientzia gisa ulertzen du, eta subjektu artistaren lekuan kokatzen da gogoetarako praktika-leku gisa, ezagutza teoriko bat garatzeko baino gehiago, sorkuntzarako bideak eta ikerketaren erakusketa ahalbidetzeko esperimentazio praktikoa bideratzen saiatuz”.

Abian den proiektuaren helburu nagusia “ikerketa artistikoaren prozesuak garatu, erakutsi eta/edo argitaratzeko formatuen bilaketan modu esperimentalean lan egitea da”.  Eta helburu horrekin, Harri, Orri, Ar, mintegiak “artistak biltzen ditu eta hauen praktiketan ikertzaile-lanak presentzia hartzen du, era askotara, hau garrantzitsua izatera iristen delarik.”

Gaur, otsailak 24, Mireia c. Saladrigues adituaren txanda izango da. Mireia c. Saladrigues artista eta ikertzailea da; edo, hobeto esanda, artista/ikertzailea, bere proiektuak ikerketa prozesu zabaletatik eraikitzen eta bere ikerketa metodologiak praktika artistikoan oinarritzen direlako. Ikerketa artistikoa, funtsean, ikerketa akademiko tradizionalaren aldean desberdina dela defendatzen du, artearen berezko sormen-prozesuekin eta hizkuntzekin lotuta baitago. Bere lana Europan, Estatu Batuetan eta Asian erakutsi da, baita Veneziako 57. Bienaleko Ikerketa Artistikoko Bigarren Pabiloian ere.

Mintegitik pasatuko diren beste jakitunak honakoak dituzue: Laura F. Gibellini, Remco Roes, Albert Corbí, Clara Montoya, Arantxa Echarte eta Ainara Elgoibar.

Saio guztiak Rekalde Aretoan izango dira, arratsaldeko 18:00etan, eta aldi berean streaming bidez emango dira. Rekalde Aretoko saio presentzialera joateko, beharrezkoa da aurretik izena ematea salarekalde@bizkaia.eus helbidera idatziz, izen abizenak, telefono zenbaki bat eta gaian Harri, Orri, Ar idatziz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button