IKUS-ENTZUN

Donostia Zinemaldiaren perlak Bilbon ikusgai

 

Donostia Zinemaldiaren barruan pantailaratutako pelikula guztietarik zortzi Bilboko Alondegian ikusi ahalko dira irailaren 29tik urriaren 5era bitartean luzatuko den selekzioan. Filmok gaur bertan aurkeztu dituzte Alondegian Lourdes Fernández AlhóndigaBilbaoko zuzendariak, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak, Pablo Malo Lasa y Zabala filmaren zuzendariak, eta Unax Ugalde aktoreak.

Hirugarren aldiz Donostiako Zinemaldiaren 62. edizioan estreinatutako hainbat sailetako filmen sorta bat aurkeztuko du AlhóndigaBilbaon aste honetan.
Sail ofizialari dagokionez, Pablo Maloren Lasa y Zabala filma nabarmentzen da. Lan hori gaur bertan pantailaratuko da, 20:00etan. Pablo Malo zuzendariak Lasa eta Zabalaren kasua eta hiltzaileak zigortzeko izan zen epaiketa berreraikitzen ditu, “zintzotasunetik abiaturik eta sumarioa batean oinarriturik, publikoak hitz egin dezan horretaz”.
Christian Petzolden Phoenix eta François Ozonen Une Nouvelle Amie izango dira sail horren barruan ikusi ahalko diren beste bi titulu interesgarri. Christian Petzolden filmak, nazien garaiko Alemanian izandako traizio baten berri ematen digu eta bigarrenak neska gazte batek bere lagunik kutunenaren senarrak duen sekretua onartu beharko duela kontatuko digu.

Zuzendari berrien sailaren barruan Roberto Castónen Los tontos y los estúpidos eskainiko da. Simon Jaquemeten Chrieg filmean, gazte gatazkatsu batzuen bizitzaren berri ematen da. Eta Albert Shinen In Her Place film korear-kanadarrak amatasuna eta sabel-ordekoak aztertuko ditu.
Matías Lucchesiren Ciencias Naturales filma Horizontes Latinos sailaren barruan emango dute; nerabe batek bere nortasuna bilatzeko ibiltzen duen bidea du hizpide.
Azkenik, Perlak sailean, Zeresnay Berhane Mehari zuzendu eta Angelina Joliek ekoitzitako Difret filma egongo da ikusgai. Afrikan emakumeak dituen eskubideak aztertzen dituen film hau arrakasta handia izaten ari da mundu osoko zinemaldietan.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button