
Iragan 21ean hasi zen Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan Neguko Bidaia izenburuko musika-egitaraua, Trio Argixe hirukote klasikoaren emanaldiarekin. Bada programazio horren bigarren hitzordua larunbatean izango da, Fetén Fetén bikotearen eskutik, 19:30etik aurrera.
Burgos hiriko Jorge Arribas eta Diego Galaz musikarien egitasmoa da Fetén Fetén. Bikoteak Cantables izeneko hirugarren lana aurkeztuko du; aurretik Fetén Fetén (2011), eta Bailables (2014) plazaratu zuen. Taldeak askotariko folk doinuak jorratzen ditu; tartean, fox-trot, vals, txootis, edo habanerak.
Disko berezia da Cantables, hainbat abeslariren laguntzarekin egindako lana baita. Izan ere, diskoan Sebastián Schon argentinarraren testuekin jositako dozena bat kantu biltzen dira, honakoen ahotsetan Fito Cabrales, Julieta Venegas edo Jorge Drexler, besteak beste. Lan “lirikoa, hausnartzailea eta sakona” dela esan dute adituek.
Neguko Bidaia egitaraua ondoko emanaldiekin osatzen da: Otsailaren 4an, Borja Barrueta Lilap (Jazz); 11n, Antonio Oyarzabal (Klasika); 18an, Gintonic (Rock); eta, amaitzeko, 25ean, Blas Fernández Urbanetniko (Jazz).
&