LITERATURA

Transexualitatea kirolean

Mitxel Muruak itzuli du Franciso Castro idazlearen Joan, Joana (Pura e Dora Vázquez Haur eta Gazte Literaturako Saria, 2022) lana.

Alberdaniak plazaraturiko eleberri horrek biktimari nahiz haren senide eta lagunei eragiten dieten eskola-jazarpeneko egoerak jorratzen ditu, baita arazo horren aurrean ikastetxeek duten kudeaketa ere. Pertsonaiak borroka eta borondatea bezalako balioak ere agerian jartzen ditu, baina baita errespetua, enpatia eta elkartasuna ere. Ez dago gizakia baino ikaskuntza handiagorik, eta pertsona guztiak aske sentitzeko moduko mundua eraiki behar da, nor diren kontuan hartuta.

Joana jaio zenean, Joan zela uste zuten denek, eta hala inskribatu zuten. Joanaren ikastetxean futbol txapelketa bat egitekotan dira, eta badirudi zirraragarria izango dela, baina ez golengatik bakarrik. Joanak neska talde bat antolatzen du, baina ikastetxeko zuzendaritzak mutiltzat du bera, Joanak neska sentitzen dela behin eta berriz errepikatzen badu ere.

“Jolas ordutik itzuli ginenean, egundoko istilua zegoen iragarki taularen inguruan. Nire ikasgelako mutilak, 6. A-koak, kortxoaren aurrean pilatuta zeuden, zalapartaka. Batzuek eskuak burura eramaten zituzten, irakurtzen ari zirena sinetsi ezinik. Beste batzuk barrez lehertu beharrean ari ziren, baina urduritasunagatik zen. Gehienak, hala ere, serio-serio zeuden. Seguru asko, ezer ez zutelako ulertzen. Ni metro batzuk atzerago nengoen, eszenari begira, ni izan bainintzen orri hura ipini zuena eskolako iragarki taularen kortxoan. Ni nintzen han sortu zen iskanbila itzelaren arduraduna.”

Pertsonaiek gatazkaren aurrean dituzten erreakzioen bidez, Francisco Castrok gizarteak gai horren aurrean dituen jarrera desberdinak islatu ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button